Beterri-Buruntzako nekazaritza eta merkataritza modu jasangarrian suspertzeko estrategia aurkeztu dute Hernanin eskualde horretako udalek, Karabeleko ekonekazaritza etxaldeak eta Behemendi Landa Garapenerako elkarteak. Beterri Km0 izeneko sarea izango da oinarria.
Jon Zulueta Beterri-Buruntzako Udalak garapen agentziaren lehendakariak azaldu du zer berritasun eskaintzen duen egitasmoak: tokiko administrazioek “klausula anbientalak” ezarriko dituzte jantoki publikoetan, eta horrez gain bertako ekoizpena kontsumitzeko eta lur publikoak nekazaritzara bideratzeko baliabideak jartzeko konpromisoa hartuko dute. Hain zuzen, Behemendiko Juan Kruz Alberdiren iritzian “nekazariak sortzea” da helburuetako bat: “Nekazaritza lanbide egokia izan daiteke, baldintza egokiak planteatzen badira”.
Andoni Egia Hernaniko tokiko garapen agentearen esanetan, “elikadura burujabetza lortu eta garapen endogenoa sustatzeko norabidean” kokatu liteke egitasmoa, beraz.
Beterri Km0 ez da “zigilu bat” izango, Oier Iurramendi Karabeleko-ko kidearen ahotan, sare bat baizik, herritarrak, lehen sektorea, merkatariak eta instituzioak elkartuko dituena. Sare horretan jadanik bederatzi ekoizle daude, barazkiak, arrautzak, esnea, oiloak, marmeladak… eskaintzen dituztenak, eta katalogoa handitzea da helburua.
Horretarako baina, urte honen amaierarako datu bilketa bat egin nahi dute “errealitatean hemen produzitu eta kontsumitzen dena zer den zehazki jakiteko”. Iurramendiren aburuz ez doaz zerbait “berria” sortzera, baizik eta “dagoen hori ikusarazi eta eskaerari erantzun logiko eta erreal bat ematera”.
Aurkezpenean Egiak azaldu duenez, Hernaniko zaharren egoitzan, hala nola eskualdeko hainbat haur eskolatan lehenago ere bertako jakiekin ari dira lanean eta sare barruan sartuko dira. Eskualdean ekoizten diren produktuak eskaintzen dituzten taberna, jantoki eta dendetan Beterri Km0 pegatina erakutsiko dute eta www.beterriKm0.eus webgunean informazio osoa emango da.