Ordizian Lazkao Txiki gogoratzen duen murala margotu da berriki. Euskararen erabileraren inguruan bertsolariak zuen kezka jasotzen du grafitiak. Zerainen ere egin zen Jon Maia omentzen duen murala. Euskarari egiten dio aipu horrek ere.
Osiñe taldeko feministok kezka horri beste bat gehitu nahi diogu eta ondorengo hausnarketa plazaratu nahi dugu: ez ote garen kulturaren/euskararen mesedetan gauza garrantzitsu batez ahazten ari; non daude emakumeak* gure kaleetan?
"Ez ote garen kulturaren/euskararen mesedetan gauza garrantzitsu batez ahazten ari; non daude emakumeak* gure kaleetan?"
Mugimendu feministak etengabe egiten du lan espazio publikoan ditugun ikurrek eta erreferenteek zein inpaktu duten ohartarazteko. Espazio publikoa gizartearen kultura-balioen isla da. Bertan gertatzen diren dinamiken eta botere-harremanen adierazlea.
Feminismoetatik bizitza eta esanahi publikoak berreraikitzeko proiektua daukagu. Ikusten eta ikasten duguna gara. Badakigu historikoki gizonek (txuri, zis-hetero…) espazio publikoaren hegemonia izan dutela. Horrek, desoreka sortzen du denona izan beharko lukeen espazioan eta beste behin emakumeok* ordezkaritzarik gabe geratzen gara.
Ordiziako eragileek, baita Udalak ere, erantzukizuna daukagu herri feminista eraikitzeko. Gauzak horrela, bada garaia denok ordezkatuko gaituzten kaleak diseinatzeko. Has gaitezen orain arte ikusgarritasuna eman ez zaien emakumeei* espazioa eskaintzen. Beraien bizi-istorioak ezagutu nahi ditugu, nor diren jakin. Non daude Lutxi Zaldua, Maurizia Aldeiturriaga, Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar, Ernestina de Champourcin edo Bizenta Mogel?
Zabaldu dezagun iruditeria. Erreferente berriak behar ditugulako eta kalea gurea delako, ez gaitezen atzean geratu kulturaren mesedetan.