argia.eus
INPRIMATU
Beste urte batez, ehunka lagun batu dira Herri Unibertsitate nazionalean
  • Asteazkenean izan da aurtengo Herri Unibertsitate nazionalaren aurreneko eguna, Leioako campusean. Ostegunerako ere prestatu dituzte hitzaldi, mahai-inguru eta aisialdirako jarduerak.

Gedar @GedarLangileKZ 2022ko otsailaren 17a

Hilabete hasieran aurkeztu zuten aurtengo Herri Unibertsitate nazionalaren egitaraua: bi eguneko edizio bat antolatu dute, eta gaur izan da aurreneko eguna. Oraingoan, Leioako campusak (Bizkaia) hartu du Herri Unibertsitate nazionala.

Goizetik bertaratu dira 400 pertsona inguru, eta bi saio izan dira aurreneko orduan, 10:00etan. Mugimendu Sozialistaren hipotesiak mahai gainean izeneko mahai-ingurua izan da Zientzia eta Teknologien fakultateko Paraninfoan, eta gaur egungo testuingurua aztertzeko elementuak eskaintzeaz gain, horretan guztian esku hartzeko zenbait gako aurkeztu dituzte hizlariek. Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko Auditorioan, aldiz, Nantu Arroyok hartu du hitza: Azelerazionismoaz, Marxekin ala Marxen aurka? Makinei buruzko pasartea eztabaidagai XXI. mendean hitzaldia eskaini du.

12:00etan ere bi hitzaldi izan dira aldi berean: Auditorioan, Espainiako Estatuan onartu berri duten lan erreformaz eta Europar Funtsez aritu da Jose Castillo, eta pedagogia eta neoliberalismoa auzitan jartzeko kritika bat plazaratu du Ani Perezek, Paraninfoan.

Horren ostean bazkaltzeko tartea hartu dute bertaratutako ehunka lagunek, eta 16:00etan ekin diete arratsaldeko saioei. Hiru hitzaldi egin dituzte ordu horretan: Hezkuntza fakultateko Juliana aretoan Roberto Fineschik eta Jose Tapiak jardun dute krisiaz, fakultate berdineko 1S14 gelan Ekida Arte Ekimen Sozialistako kideak aritu dira artista kolektiboaren antolaketaz eta gerra kulturalaz, eta GKZko Auditorioan Café Marx saioko kideek hitz egin dute botere komunistaz.

Gaurko hitzaldiei amaiera emateko, 17:30ean Marcello Mustok eskaini du hitzaldi bat: I. Internazionala eta haren zereginak izan ditu aztergai. 19:00etan, bestalde, Katarsia musika taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan da Mikel Laboa plazan.

Ostegunean, otsailaren 17an, 10:00etan hasiko dira hitzaldiak. Hemen dago ikusgai egitaraua, osorik.