argia.eus
INPRIMATU
Beste urrats bat Arabako erresidentzietako borrokak sozializatu eta saretzera bidean
  • Topaketa jendetsua egin zuten astelehenean Laudioko Kultur etxean. Dozenaka herritar, sindikatuetako ordezkari, pentsiodun, erresidentzietako langile edota erabiltzaile bertaratu ziren.

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado BaƱares 2022ko otsailaren 16a
Dozenaka lagun bildu ziren Kultur Etxean (Argazkia: Aiaraldeko Greba Batzordea)

Dozenaka lagun bertaratu ziren astelehenean Laudioko Kultur etxean eginiko topaketara. Bertan egon ziren La Encina egoitzako langileak, Orozkoko Madres Mercedariaseko grebalariak eta eskualdeko egoitza publikoetako langileak, besteak beste. Hainbat pentsiodun ere gerturatu ziren, eta baita zenbait herritar ere. Sindikatuetako ordezkariek eta Babestu Araba elkarteko kideek ere parte hartu zuten bi orduz luzatu ziren solasaldietan. 

Arabako erresidentzia pribatuetako hitzarmena negoziatzen ari den plataforma intersindikalak antolatu zuen topaketa, eta Aiaraldeko Greba Batzordeko kideak arduratu ziren dinamizazio lanez. Sindikatuetako kideak izan ziren hitza hartzen lehenak. Hitzarmenaren negoziazioan egondako gorabeherak azaldu zituzten. “Hiru urte eman ditugu mota guztietako mobilizazioak egiten patronala eratu zedin, ez genuelako norekin negoziatu”. Lehen pauso hori lortua dute dagoeneko, baina patronal horren “erabateko blokeoarekin” egin dute topo orain. “Ez digute inolako proposamenik egiten”. 

Nabarmendu zutenez, Araban ez dago hitzarmen sektorial propiorik. “Estatuko hitzarmena aplikatzen da. Gauzak hala, hemengo lan-baldintzak Bizkaia eta Gipuzkoakoak baino nabarmen txarragoak dira”.

Azalpen horiek eman ostean, eztabaida ireki formatua hartu zuen topaketak. Pentsiodunek edota herritarrek egiten zituzten galderak erantzuten eman zuten denbora gehiena. La Encina eta Madres Mercedarias egoitzetako langileek euren egoeren berri eman zuten, hurbildutako askoren harridurarako. “Banekien egoitzetako egoera ez zela ona, baina ez nekien horren txarra izango zenik”, aipatu zuen pentsiodunetako batek. 

“Aberatsak ez doaz erresidentzietara”

Erresidentzien pribatizazioa izan zuten hizpide, besteak beste. “Egoitzen %30 da publikoa -eta %70 pribatua- lehen alderantziz zenean”. Eta gehiagora doa: “Gasteizen irekiko dituzten bi erresidentzia berriak kudeaketa pribatua izango dute, kooperatiben bidez”.

Izan ere, langileen baldintzek eragin zuzena dute erabiltzaileen ongizatean. “Zaintzarekin ez litzateke negoziorik egin behar, pertsonak zaintzea ez baita torlojuak ekoiztea bezala”. 

Ordezkari sindikalek argi utzi zuten: “Aberatsak ez doaz erresidentzietara. Dirua duenak bere etxera eramaten ditu zaintzarako behar dituen baliabideak. Gainontzekook, prekarioak garenok, erresidentzia bat edo beste hautatu behar dugu, gure gaitasun ekonomikoen arabera”. 

Aurrera begira

Bi ondorio argi atera zituzten asteleheneko jardunaldian: erresidentzietako langileen egoera sozializatu beharra dagoela eta urratsak eman behar direla borrokak saretzen jarraitzeko. “Elkarlana garatu behar da langileen, pentsiodunen edota erabiltzaileen artean”, ondorioztatu zuen Babestu Araba elkarteko kide batek. Horri begirako beste ekimen bat izan zen astelehenekoa, antolatzaileen aburuz.

Aurreratu zutenez, pauso gehiago emateko asmoa dute datozen asteetan. Madres Mercedariaseko langileen borrokak aurrera darrai, eta zaintza sektoreari buruzko jardunaldi batzuk ere prestatzen ari dira, martxoaren 8ra begira.