Emakume batek salatu du larunbat gauean erasotu zutela Mendilorri auzoan. Asteartean elkarretaratzea deitu du Mugimendu Feministak, eta erasoa gaitzetsi dute. Tolosan beste emakume batek salatu du asteburuan sexu erasoa egin ziotela.
Uztailaren 9ko gauean sexu eraso bat egin ziotela salatu du emakume batek. Iruñeko Mendilorri auzoan izan zen erasoa, eta hala baieztatu du Enrique Maia alkateak; Foruzaingoa ikertzen ari da gertatutakoa. Iruñerriko Mugimendu Feministak dei egin du asteartean mobilizatzera, 17:30ean, Gazteluko plazan. “Herri txistualdia” egingo dute bertan. Iruñeko Udalak ere erasoa gaitzesteko adierazpena kaleratu du, udaleko talde politiko guztien babesarekin.
Iruñekoaz gain, Tolosan ere beste emakume batek sexu eraso bat salatu du asteburuan, eta Ertzaintza ikertzen ari da. Tolosako Udalak erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du astelehen arratsalderako, 19:00etan Plaza Zaharrean.