Duela hainbat astetatik etengabe ari dira azaltzen plastikozko bolatxoak Galiziako Rias Baixaseko hondartza eta arroketan. Kargamentua abenduaren 13an galdu zuen itsasontzi batek Portugalen eta geroztik kostaldeko naturguneei ere eragiten ari da. Ekologista taldeek salatu dute administrazioa geldirik dagoela hondamendiaren aurrean eta boluntarioak ari direla bolatxoak jasotzen.
"Marea zuria", hala deitu diote azken asteetan Galiziako Rias Baixasen izaten ari den hondamendi ekologikoari. Abenduaz geroztik milioika plastikozko bolatxo zurik, 5 milimetro eskasekoak, hango hondartza eta kostaldeak zikintzen ari dira etengabe. Muros eta Noia itsasdarreraino ere iritsi dira eta Corrubedoko hareatzako naturguneari eragin diote jadanik.
Nos Diario hedabide galiziarrak azaldu duenez, 25 kilogramoko zakutan bilduta zeuden pellet-ak dira bolatxo ia mikroskopikoak –erabilera ugari duen materiala– eta zakuetan "Bedeko Europa" Poloniako enpresaren izena ageri da.
Noia Limpa elkarteak jakin duenez, abenduaren 13an itsasontzi batek bere kargamentuaren sei edukiontzi galdu zituen Portugalen, Viana do Castelo inguruan, eta edukiontzi oso bat bolatxo horiek daramatzaten zakuz beteta zegoen. "Ez dakigu zenbat zaku zeramatzan, ezta beste edukiontziek zer zuten ere", diote. Oraingoz 52 poltsa jaso dira, baina poltsa gehiago azaltzen ari dira egunetik egunera.
Substantzia toxikoa elikadura kate osora
Zaku horiek kasu askotan hautsita agertu dira eta barruko boliña-k toki guztietan barreiatuta. Argi ultramorea estabilizatzeko material gisa identifikatu dute plastiko hori, oso arina, eta behin barreiatuta "ia ezinezkoa garbitzeko", diote.
Noia Limpak sare sozialetan zabaldutako bideo batean azaldu duenez, bolatxoak toxikoak izateaz gain "iman modukoak dira" eta beste substantzia toxikoak xurgatzen dituzte. Gainera, arrain, hegazti eta krustazeoek arrainen arrautzekin konfunditu eta irensten dituzte; azkenerako urdaila bolatxoz bete eta gosez hiltzen dira animaliak.
Bestetik, substantzia toxikoak arrainen ehun lodietan ere pilatzen dira eta ondoren gizakiok jaten ditugu: "Okerrena da ez direla desegiten, nanopartikuletan banatzen dira eta plaktona bezala irentsita, itsas elikadura kate osoan barreiatzen dira".
Elkarte horrek bolatxo zakuak agertzen diren tokiekin mapa egin du eta egunero ari da aktualizatzen. Ikus daitekeenez kutsadura jadanik O Pindora iritsi da, Fisterra lurmuturretik gertu.
Boluntarioak eta arrantzaleak garbiketan
"Gero eta gehiago dira Galiziako kostaldean beste Prestige bat gertatzen ari dela alarma jotzen ari direnak", dio Nos Diario-k. Hedabide horrek Espainiako Ingurumen ministerioari galdetu dio neurririk hartzen ari ote den kutsadura saihesteko, baina ez du oraingoz erantzunik izan.
"Okerrena da ez direla desegiten, nanopartikuletan banatzen dira eta plaktona bezala irentsita, itsas elikadura kate osoan barreiatzen dira".
Adega talde ekologistak, bere aldetik, salatu du lehen abisua abenduaren 15ean jo bazen ere ez Galiziako Xunta ezta Kostaldeko zuzendaritza ere, ez direla "ezer egiten ari isuri horren eragina kontrolatzeko". Hala, garbiketa boluntarioen, arrantzaleen kofradien eta babes zibileko elkarteen esku geratu da.
BNG-k "gure itsasoaren babesgabetasun erabatekoa" salatu du eta Espainiako Kongresura eramango du gaia. Hainbat udalerritako alkateek ere altxa dute ahotsa eta esan dute ez dutela gaitasunik eurek bakarrik egoerari aurre egiteko.