argia.eus
INPRIMATU
Beste preso bat hil da Zaballako kartzelan
  • Hilabete honetan espetxe berean zendutako bigarren pertsona da. Urte hasieratik lau dira Zaballako kartzelan bizitza galdu duten gazteak.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 26a

Hala Bedik jakinarazi duenez, ostegunean zendu da Zaballako espetxeko 5. moduluan preso zegoen 28 urteko pertsona. Heriotza honekin, bi dira hilabete honetan zendutako gazteak, eta lau urtea hasi zenetik.

Apirilaren 1ean, 24 urteko Jonathan Costillas Rituerto bere ziegan urkatuta agertu zen. Ustez bere buruaz beste egin zuen gazteak, otsailean hildako beste preso baten antzera. Rituertoren familiak, baina, arrarotzat jo zituen gaztearen heriotzaren nondik norakoak, baita gazteak bere buruaz beste egiteko aukeren “aurretiazko alertarik” egon ez izana ere. Ohartarazi zutenez, espetxean halakoak gertatzea ekiditeko protokoloak daude.

Urteko lehen heriotzari dagokionez, 28 urteko gazte bat heroina gaindosiak hil zuen. Salhaketak salatu zuenez, espetxean preso daudenen %80k droga-menpekotasuna dute.

Salhaketak Rituertoren heriotzaren harira egindako agerraldian adierazi zuenez, beste preso asko espetxetik atera eta gutxira hiltzen dira: “Barruan hil ez daitezen ateratzen dituzte, estatistikak handi ez ditzaten”.