Suizidioaren aurkako protokoloan preso guztiak egotea eskatu du espetxeen aurkako elkarteak. Espainiako Estatuko espetxeetan bi egunetik behin preso bat hiltzen dela azpimarratu du, eta heriotza gehienak buru gaixotasun larriek eragindako suizidioekin eta zigor luzeekin dutela harremana. Azken bi heriotzak salatzeko mobilizazioa antolatu du.
Beste preso bat hil da Euskal Herriko espetxe batean, 24 orduan bigarrena. Asteartean 22 urteko pertsona baten gorpua aurkitu zuten Zaballan, bere ziegan. Isolamendu egoeran zegoen, zigortua izan ostean. Asteazkenean, Donostiako Martuteneko espetxean gertatu da heriotza. 57 urteko gizona prebentiboki zegoen espetxean, epaitu gabe.
Salhaketa-Arabak "irmo eta izututa" salatu du euskal lurraldean preso dauden pertsonek bizi duten egoera, "irtenbide bakartzat" beren buruaz beste egitea ikusi arte. Adierazi du bi kasuetan ez dela aintzat hartu suizidioen aurkako protokoloa eta "akats hori larritasun handikoa" dela. Heriotzek espetxeko "arazoaren benetako garrantzia" erakusten dutela gehitu du elkarteak.
Elkarteak azpimarratu du, bi egunetik behin preso bat hiltzen dela Espainiako Estatuko espetxeetan, gehienetan gaixotasun larriek eragindako suizidioengatik eta zigor luzeengatik: "Espetxeetan gaixotasun mentala duten pertsonen %75 daudela jakinda, hartu beharreko lehen neurria litzateke preso guztiak suizidioaren aurkako protokoloan egotea". Gainera, azpimarratu du espetxeak "sortzen eta areagotzen" dituela suizidioak izateko aukerak. "Euskal espetxe-ereduak huts egiten du, betiko eredua izaten jarraitzen duelako", salatu du Salhaketak, gogoratuz "44 urte" izan dituela Jaurlaritzak "espetxe eredu propio bat" diseinatzeko.
espetxe-eredu bat diseinatzeko
Espetxea eta birgizarteratzea antagonikoak
Salhaketa-Araba elkartearen arabera, "ezinezkoa" da pertsona bat gizarteratzea, gizartetik "bananduz eta isolatuz" epe luzez: "Ezin da mantendu pertsona bat isolatu eta, aldi berean, birgizarteratu nahi duen kartzela sistemarik".
Eusko Jaurlaritzak, erkidegoko espetxeak administratzeko ardura duen aldetik, hildakoen familiei doako laguntza psikologiko, juridiko eta kalte ordain mota guztiak eskaini behar dizkiela esan du elkarteak, " hildako bi pertsona horien zaintzan dagoen erantzukizun falta egokia konpentsatzeko eta haien defentsan lagunduko dieten ONG independenteekin harremanetan jartzeko".
Bi heriotzak salatzeko elkarretaratzea antolatu du Salhaketa Arabak. Otsailak 7an egingo dute, eguerdiko 12:00etan, Andra Mariaren plazan.