Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den seigarren presoa da.
Heriotzaren lehen albistea El Mundo egunkariak eman zuen ostiralean bertan, eta hildako pertsonak astebete zeramala preso gehitu zuen. Naiz-ek astelehenean argitaratutako informazioaren arabera, presoa espetxeko erizaindegian zegoen, suizidioen protokoloaren pean, baina goizeko 8:00etan aurkitu zuten hilotz eta “gaindosi” zantzuekin. Jaurlaritzak 2021eko urriaren 1ean eskuratu zuen Zaballa, Martutene, eta Basauriko espetxeen eskumena, eta ordutik seidira espetxean hil diren presoak: hiru Arabako Zaballan, bat Gipuzkoako Martutenen, eta bi Bizkaiko Basaurin.
Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu astearte goizera arte. Lehenik, hainbat hedabidek egindako eskariei erantzunez eman du informazioa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak. Ondoren, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan galdera egin diote Bingen Zupiria bozeramaileari.
Gardentasuna ala opakutasuna
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak azalpen berdina eman die Berria, eitb edo Naiz hedabideei: gorpuak ez zuela indarkeria zantzurik, protokoloak agindu moduan autopsia egin zaiola gorpuari eta horren emaitzen zain dagoela saila. Informazio berdina eman du Zupiriak ere: “Aurkitu zutenek esan dute inguruan ez zegoela indarkeria-zantzurik, eta, une honetan, informazio gehiago izateko, egin berri dioten autopsia ezagutu beharko genuke”.
Informazioa kudeatzeko moduaz, Jaurlaritzatik defendatu dute ez dituztela “halako gertakari deitoragarriak” publiko egiten, besteak beste “hildakoaren eta haren hurbilekoen intimitatea” errespetatzeko. Azpimarratu dute, aldiz, familiari eta legebiltzarreko talde politikoei ostiralean bertan jakinarazi zitzaiela gertatutakoa.
Salhaketa-Araba elkarteko kide Cesar Manzanosek aurkako ikuspegia eman dio Berriari. Jaurlaritzari leporatu dio jokabide “ilun eta opakua” izatea heriotzarekin, gertatua “oso larria” izanik ere: “Sinestezina iruditzen zaigu halako kasu baten gaineko informazio publikorik ez ematea”.