argia.eus
INPRIMATU
Beste parke eoliko bat eraiki nahi dute Gipuzkoan, Andatza mendian
  • Zizurkil eta Usurbil artean dagoen Ezkeltzu mendigunean, Andatzatik gertu, lau aerosorgailu eraikitzeko baimena eskatu du enpresa batek. Gipuzkoako beste hainbat tokitan ere antzeko proiektuak bultzatu nahian dabiltza energia-konpainiak, Oleta eta Trekutz mendietakoak kasu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko otsailaren 24a
Andatza hegoaldean dagoen Ezkeltzuko tontorraren inguruetan ezarri nahi dituzte potentzia handiko lau aerosorgailuak (argazkia: Mendikat)

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean irakur liteke Zizurkil eta Usurbil artean dagoen Ezkeltzuko zonaldean, Andatza (568 metro) mendiaren hegoaldean parke eolikoa eraiki nahi duela Green Capital Development enpresak, eta horretarako aurretiazko admnistrazio-baimena eskatu du. "Ezkeltzu parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera iragartzen da", dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailaren ohartarazpenak.

Konparazio baterako, Nafarroan La Senda izeneko poligonoan Nabrawind enpresak ezarri nahi dituen 5,8MW-ko potentziako dorreek 200 metroko garaiera lukete

Ezkeltzun lau aerosorgailu eraiki nahi ditu enpresak eta denera 18MW-eko potentzia sortzeko azpiegiturak instalatuko lituzke bertan. Dorre bakoitzak, beraz, 4,5MW-eko potentzia luke batez beste, eta konparazio baterako, Nafarroan La Senda izeneko poligonoan Nabrawind enpresak ezarri nahi dituen 5,8MW-ko potentziako dorreek 200 metroko garaiera lukete, gaur egun beste hainbat tokitan eraikita dauden 40 metroko dorreak laukoiztuz.

 

Noaua hedabideak jakitera eman duenez, Green Capital Development-ek egoitza Madrilen dauka: "Argindarra sortzen dihardu lanean, 'energia berriztagarriak' baliatuta; mareak, eguzkia, edota kasu honetan bezala, haizea baliatuta".

Proiektu gehiago Gipuzkoan

Ezkeltzukoa ez da energia-konpainiek begiz jota duten Gipuzkoako eremu bakarra. Joan den abenduan jakin zen Zumarraga eta Azpeitia arteko Oleta mendian (837 m.) ere beste lau dorre eoliko eraikitzea aztertzen ari direla, Capital Energy enpresak sustaturik. Eta horrez gain, Urretxuko Trekutz inguruan, Zazpi Puntetan bi aerosorgailu jarri nahi dituztela, kasu honetan bakoitza 6MW-koa Goiberri aldizkariaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusten ditu halako "berriztagarrien" proiektuak, "energia menpekotasuna gutxitzeko". Hain justu, duela gutxi onartu dute Eusko Legebiltzarrean Tapia legea deiturikoa, eskumena Jaurlaritzarengan utziz proiektua "goi-mailako interes publikokoa" dela irizten badu.

Esaterako, Araban Jaurlaritzak eolikoen hainbat proiektu babestu ditu herritarren protesta ugariren artean, eta horietako bi atzera bota dituen arren, Labraza eta Azazetakoei eusten die, nahiz eta Arabako Aldundiko txosten teknikoak adierazi duen "ondorio negatibo oso kaltegarriak" izango lituzkeela ingurumenarentzat.