argia.eus
INPRIMATU
Beste milioi bat euro eman die Jaurlaritzak erdarazko hedabideei
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan "euskarazko albisteak areagotzeagatik" diru-laguntzak banatu ditu beste urte batez. Ia milioi bat euro banatu dute Noticias, Gara eta Vocento hedabide taldeen artean, artikulu batzuk euskaraz argitaratzearren.

Axier Lopez @axierL 2024ko abuztuaren 09a
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Euskaraldiaren inguruko prentsa agerraldia batean Donostian 2022ko azaroan. Argazkia: Gorka Rubio - Foku

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran Urrutiak sinatutako ebazpenaren arabera, "nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan euskararen erabilera areagotzeko" diru-laguntzak banatu ditu Jaurlaritzak beste urte batez. Iaz bezala, milioi bat euro banatu dute eta gehiengoa Noticias taldeko hedabideak, Naiz-Gara eta El Diario Vascok jaso dute.

Noticias taldeari –Diario de Noticias de Álava, Noticias de Gipuzkoa eta Deia– 431.595 euro eman dizkiote, iaz baino 73.000 euro gehiago. Naiz-Garak 306.440 euro jaso ditu eta El Diario Vascorentzat 161.965 euro. Gainerako diru kopurua ondorengo hiru hedabide eta albiste agentziaren artean banatu dute: Segura Irratia (50.000 euro), Europa Press (29.162 euro) eta Agencia de Noticias (20.838 euro).

Beste 6.000.000 euro bidean

Ebazpena hau kaleratu du Jaurlaritzak, nagusiki erdarazko hedabideentzat izango den ezohiko beste diru-laguntza handi bat tramitatzen ari den bitartean. Lakuako Gobernuak "laguntza" iragarri zuen uztailaren amaieran, aurretik, 2021ean eta 2022an “COVID-aren ondorioei aurre egiteko” banatu zituzten. Aurten, "adimen artifizial sortzaileak zabaltzen dituzten edukien sorkuntzan, lanketan eta argitalpenean duen eragin negatiboa minimizatzera eta desinformazioari aurre egitera" bideratuko dituzte sei milioi euro, hedabide batzuen artean banatzeko –2021ean diruaren %93,4 gaztelaniazko hedabideentzat izan zen–. Ikusteke dago ea ARGIA, hirugarren urtez, aurten ere laguntza hauetatik kanpo utziko duten, egunkarientzat, irratientzat, telebistentzat, tokiko komunikabideentzat eta hedabide natibo digitalentzat bideratu baitute deialdia, aldizkariak-eta kanpoan utzita. Edonola ere, sektorean jakina da diru-laguntza honen helburua dela zenbait egunkariren arazo ekonomikoak konpontzea, tartean Deiarena.