argia.eus
INPRIMATU
Beste lau pertsona inputatu dituzte 2016-17ko Osakidetzako azterketen filtrazioengatik
  • Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiko magistratuak LABek eskatutako hainbat eginbide onartu ditu. Lau hauekin, 11 akusatu daude mediku espezialistentzako azterketaren iruzurraren loturarekin inputaturik.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 02a

LAB sindikatuak herri-ekimenean eskatuta, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiko magistratuak beste lau pertsona inputatu ditu 2016-2017ko Osakidetzako azterketetako filtrazioengatik. Debagoieneko Traumatologiako zerbitzuburua, Kirurgia Plastiko eta Konpontzailearen lehen azterketaren egile bi eta Kirurgia Plastiko eta Konpontzaile kategoriako oposiziogile bat izan dira azkenak. Guztira, hamaika dira Fakultatibo espezialisten lan eskaintza publikoaren (LEP) iruzurragatik inputatuak. Bestalde, sei leukori ere deituko zaie deklaratzeko.  

Lau akusatuez gain, Kirurgia Plastiko eta Konpontzailearen epaimahaiko seigarren kideak ere deklaratu beharko du. Guztiek uztailaren seian emango dituzte azalpenak. Horrela adierazi du LAB sindikatuak astearte honetan kaleratu duen oharrean. Lekukoak, berriz, sei dira: horietako batek ekainaren 8an deklaratuko du, eta besteek uztailaren 6an.

Jose Muñiz Fernandez Oviedoko Unibertsitateko irakaslea izango da lehen lekukoa, Osasun Sailak eskatutako azterketa psikometrikoa egiteaz arduratu zen aditua izanik. Uztailean deituko diren lekukoak, berriz, bost dira: azterketaren akordioaren negoziaketan parte hartu Medikuen Sindikatuko bi kide; Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari ohia, jada kargugabetua; Fulgencio Aledo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) arduraduna; Kirurgia Plastiko eta Konpontzailearen  azterketako oposiziogile bat; eta Kirurgia Kardiobaskularreko epaimahaikide bat.

Instrukzio Epaitegiak LABek eskatutako bi ofizio ere onartu ditu. Batetik, ospitaleetako pediatriako epaimahai kalifikatzailearen aktak eskatuko zaizkio Osakidetzari. Bestetik, Arabako ESIko pediatriako zerbitzuburuari irekitako diziplina-espedienteari buruzko informazioa eskatuko da, eta, halakorik balego, epaitegira bidali.

Onartzeko zain

Halaber, Epaitegiak oraindik ez du erabaki Osakidetzako zuzendaritzako kideak ikertu gisa deituko dituzten. LABen esanetan, pertsona horiek filtrazioak gertatzeko “baldintzarik onenak” sortzeaz arduratzen ziren eta, salaketarik bazegoen, “isilarazi eta ezkutatu” egiten zituzten. Sindikatuak talde horren barne aipatu ditu Jon Darpon, Maria Jesus Mugica, Juan Carlos Soto, Andoni Arcelay, Xabier Balerdi eta Miriam Aparicio.