argia.eus
INPRIMATU
Beste lau euskal preso gerturatuko ditu Espainiako Gobernuak
  • Mikel Orbegozo, Xabier Tximeno, Igor Gonzalez Sola eta Gorka Fraile Iturralde dira Espainiako Gobernuak Euskal Herrira hurbilduko dituen hurrengo presoak. Azken pauso honek, espetxe legediaren aldaketa islatzen duela deritzo Barne Ministerioak.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 27a
Orain Presoak dinamikak urriaren 20an, Donostian antolatu zuen manifestazioa. Argazkia: @larbelaitz

Espainiako Gobernuak lau preso gehiago gerturatuko ditu Euskal Herrira astelehenean jakinarazi dutenez. Beste ia ehun euskal presorekin batera, espetxeko lehen gradutik bigarren gradura pasatzeko eskaera egina dute dagoeneko Berrian irakur daitekeenez.

Orbegozo Badajozko espetxetik Valladolidera lekualdatuko dute 600 kilometro baino gehiagoko distantzia murriztuz. Hamabi urteko kartzela zigorraren hiru laurdenak 2015ean bete zituen.

Tximeno Alacanteko kartzelatik Burgosera hurbilduko dute eta bisitatzera joan nahi duten senide eta lagunek ia 1.000 kilometro gutxiago egin beharko dituzte. 30 urteko zigorra betetzen ari da.

Gonzalez Solaren kasuan, Madrildik Soriara eramango dutela adierazi dute berri agentziek, Euskal Herritik 200 kilometro gertuago. 20 urteko zigorra ezarrita 2005ean espetxeratu zuten.

Azkenik, Fraile Iturraldek, Kartzinoma epidermoidea izeneko gaixotasun larria pairatzen du. Badajoztik Kantabriara lekualdatuko dute, 800 kilometro inguru gerturatuz. 1998. urtean espetxeratu zuten eta 25 urteko zigorra betetzen ari da.

Azken lau espetxeratuen gerturaketak, aurretik egin ziren Euskal Preso Politikoen Kolektiboko beste sei euskal presoen hurbilketei gehituko zaie.