argia.eus
INPRIMATU
Beste langile ohi bat hil da, amiantoa arnasteagatik
  • Fagor Ederlan Tafalla, S. Coop. kooperatiba-sozietatean egin zuen lan (lehen Victorio Luzuriaga) 1977tik eta erretiroa hartu arte, Urte horietan amiantoaren eraginpean egon zen, segurtasun neurririk gabe, eta horren ondorioz hil da orain, ELA sindikatuak salatu duenez.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 18a
ELAk eskatu die enpresei ez ditzatela auzii hauek judizializatu, horrekin biktimak berriz biktimizatzen direlako. (Arg: ELA)

Hemen sindikatuak gaiaz emandako informazioa:

"Heriotza horrek, berriz ere, bere gordintasun osoan kokatzen gaitu, amiantoarekin kontaktuan egotearen ondoriozko lanbide-gaixotasunen dramaren aurrean. Fenomeno hori gero eta handiagoa da, eta dimentsio ia pandemikoa du, hori guztia kontrol publiko eskasaren ondorioz eta joan den XX. mendean enpresek segurtasun-neurririk hartu ez izanaren ondorioz.

ELAk doluminak eta atsekabea helarazi nahi dizkio hildakoaren familiari, eta, aldi berean, enpresei eskatu nahi die erantzukizunez joka dezatela eta behingoz atzera egin dezatela bide judiziala beharrik gabe luzatzeko; izan ere, bide horrek eragindako pertsonen sufrimendua areagotzeko eta berriro biktimizatzeko baino ez du balio. Era berean, sindikatuak erakunde publikoei eskatzen die langile klasearen osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko behar beste baliabide eslei ditzatela, eta lantokietako produktu kantzerigenoak desagerrarazteko borroka egiteko konpromisoa berresten du".