Irunberriko etxe partikular batean lanean ari zela erorita hil da 42 urteko iruindarra. Sindikatuen esanetan, lan-segurtasun araudia "ez da betetzen" eta erantzukizunak argitzeko eskatu dute. LABen arabera, jadanik 42 dira Euskal Herrian lanean ari zirela hildakoak.
Beste langile bat hil da eraikuntzaren arloan, aldamiotik erorita. Astelehenen arratsaldean izan zen istripua Irunberrin, baina sindikatuek astearte honetan eman dute horren berri. Dirudienez, 42 urteko iruindarra etxe partikular batean ari zen lanean eta hiru metroko garaieratik erori ondoren hil zen. Larrialdi zerbitzuak Irunberrira gerturatu ziren baina ezin izan zuten langileari bizitza salbatzeko ezer egin.
LABek salatu du "beste drama bat" dela heriotza hori: "Beste langile bat hil da saihestu zitekeen lan-istripu batean" esan du. Sindikatuak azaldu duenez aldamioen arloko lan-segurtasun araudia bete izan balitz ez litzateke heriotza hori gertatuko. Hala, istripu ikertzeko eta gertaturiko argitzeko eskatu du.
ELAk ere zera salatu du: "Enpresaburuek ez dute prebentzio-araudia betetzen, eta erakunde publikoek uko egiten diote ez-betetze horiek kontrolatzeko ikuskapen-bitartekoak handitzeari".
Azken 10 urteetan Euskal Herrian gutxienez 79 lagun hil dira eraikuntzaren sektorean altueratik erori ondoren eta laneko heriotzen %12,5 suposatzen dute
Azken 10 urteetan Euskal Herrian gutxienez 79 lagun hil dira eraikuntzaren sektorean altueratik erori ondoren eta laneko heriotzen %12,5 suposatzen du horrek, LABen arabera. Aurten sei langile hil dira modu horretan. Sindikatu abertzalearen esanetan "gaitz sozial eta laboral" hori saihesteko beharrezkoa da neurriak hartzea: "Funtsezkoa da erakundeen kontrola, lan-osasunari buruzko araudia bete dadin eskatzeko", azaldu du.
Astelehenekoarekin 42 dira Euskal Herrian aurten lanean ari zirela hildako langileak.
Traktoreak harrapatuta Zornotzan
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 61 urteko baserritarra hil da Zornotzan igande arratsaldean, kasu honetan gidatzen zuen traktorearekin istripua izan ondoren.
Iturri horren arabera, istripua San Antonio auzoko nekazaritza eremu batean gertatu da. Naiz.eus-ek emandako datuen arabera, azken lau hilabeteetan gutxienez lau lagun hil dira Euskal Herrian gisa berean.