argia.eus
INPRIMATU
Beste hiru palestindar hil ditu Israelek Zisjordanian
  • Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, beste 30 palestinar zauritu dituzte sarekadan. Al-Aqsako Martirien Brigadako kidea zen Ibrahim al-Nabulsi kausitzen da hildakoen artean.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 09a
Azken eraso honek palestinarren kexua areagotu du. Une honetan istiluak daude Nablusen (Argazkia: JAAFAR ASHTIYEH / AFP)

Gutxienez 30 bat zauritu eta hiru hildako eragin ditu Israelen azken erasoak Zisjordanian. Al-Aqsako Martirien Brigadako kide Ibrahim al-Nabulsi dago hildakoen artean. Aitzinetik jadanik hura atxilotzen ahalegindua zen Israel, hainbat militar hiltzea egotzita. Joan den uztailean ahalegindu ziren beste behin Al-Nabulsi hiltzen, ustez hura gordetzen zen etxea bonbardatuz. Gaztea ez zegoen bertan eta beste bi palestinar hil ziren sarekada hartan, Al-Aqsako Martirien Brigadako kideak biak.

Honetaz gain, Islam Sabbouh eta Hussein Jamal Taha dira hildakoen artean. Palestinarren kexua areagotu du azken eraso honek. Bideoan, Al-Nabusiren aita eta hurbilekoak:

 
NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera

Atzo, astelehenarekin elkartu zen NBEren Segurtasun Kontseilua, gatazka hau solasgai harturik, Israelek eta Jihad Islamikoak adostutako su etenaren biharamunean. Kezkaturik agertu dira kargudunak, su etena "hauskorra" dela aitortuz.

NBEko Palestinaren enbaxadore Riyad Mansourek ondokoa adierazi die NBEren Segurtasun Kontseiluko kideei: "Prest ote zarete esateko 'nahikoa da'? Zenbat urtez oraindik inposatuko die bere blokeoa [Israelek] bi milioi herritarrei –erdiak umeak–, inork ezer esan gabe?!".