argia.eus
INPRIMATU
Beste greba ziklo bat hasi dute Osakidetzako garbiketako azpikontratatutako langileek
  • Martxoaren 20an hasi eta bi aste iraungo du sindikatu guztiek deitutako grebak. Lehen egunean mobilizazioak egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 20a
Arabako Unibertsitate Ospitaleko mobilizazioa. (Argazkia: LAB)

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko azpikontratatutako langileek greba ziklo berri bat hasi dute martxoaren 20an. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek apirilaren 2ra arte luzatuko dute greba; ELAk, berriz, apirilaren 3ra arte.

Grebako lehen egunean mobilizazioak egin dituzte EAEko hiru lurraldeetan. 10:00etan Donostia Ospitalean, 10:30ean Arabako Unibertsitate Ospitalean eta 12:00etan Galdakaoko Ospitalearen aurrean.

Osakidetzako langileen baldintza berak aplikatzeko eskatzen dute azpikontratatutako langileek. Sindikatuek salatu dute bost urte daramatzatela hitzarmenik gabe, eta 2018an hitzarmen berriaren negoziazio prozesua abiatu zutenetik negozioazioa "blokeatuta" dagoela.

Gaineratu dute enpresa esleipendunak "jarrera erosoan" daudela, erantzukizuna Osakidetzaren gain jarri dutelako eta ez dutelako sindikatuekin ezer adostu nahi Osakidetzako Zuzendaritzaren oniritzirik gabe.

Otsailaren bukaeran ere astebeteko greba egin zuten, eta istiluak izan ziren, Ertzaintzak grebalarien aurka jo ostean.