Bilboko Casilda Iturrizar parkeko banku batean aurkitu dute gizona. Asteazkenean jakin da, halaber, 20 urteko migratzaile baten gorpua topatu dutela Zabalgarbiko errauste plantan.
Lakuako Segurtasun sailak eman du berria. Asteartean topatu zuten gizona Casilda Iturrizar parkeko banku batean. Denbora asko mugitu gabe zeramala ikusitakoan herritar batek Ertzaintzari deitu zion. Anbulantzia iristerako, ordea, hilda zegoen. Ertzaintzak adierazi duenez, ez dute “kriminalitate zantzurik” topatu haren gorpuan.
Gaur bertan jakin da 20 urteko migratzaile baten gorpua aurkitu zutela astearte goizaldean Zabalgarbiko errauste plantan. Ertzaintzak ikerketa abiatu du jakiteko nola gertatu den heriotza. Hipotesi nagusia da gaztea lo egitera sartu zela kontainerrera, eta ez zela ohartu zabor-kamioiaren iritsieraz. Gorpua erraustegira zein kamioitan iritsi zen ikertzen ari dira, jakiteko non gertatu zen ezbeharra; Naiz-en arabera, Bilboko kontainer batean sartu zen gaztea.