argia.eus
INPRIMATU
Beste gaixotasunen atzemate eta garapenari nola eragiten dien pandemiak
  • Apirilean zuen gastroskopia ekainera atzeratu zioten Olatz Vázquez kazetariari, alarma egoeran beste osasun-hitzordu eta ebakuntza andanarekin gertatu bezala. Gastroskopian minbizia atzeman zioten, ordurako metastasi egoeran: “Apirilean proba egin balidate, gaitza ez zen hainbeste zabalduko”, dio, COVID-19aren krisiak beste biktima batzuk ere utzi dituela gogoratzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko irailaren 03a
Arg: Olatz Vázquez

Duela urte eta erdi hasi zen Vázquez gaizki sentitzen, birritan larrialditan bukatzeraino, baina pilula pila bat errezetatzetik harago, medikuek ez zioten garrantzirik eman Vázquezen min eta sintomei. Azkenean, gastroskopia egiteko hitzordua lortu zuen, baina alarma egoera izendatu zuten agintariek eta ekainera atzeratu zioten. Gastroskopian tumoreak aurkitu zizkioten eta hala kontatu du El Confidencial-en.

Hortik aurrerakoak ere ez dira errazak izan kazetariarentzat, pandemia garaian paziente izatea ez baita erraza: lehenengo kimioterapia saioari, adibidez, bakarrik egin behar izan zion aurre. Argazkien bidez ari da gaixotasuna dokumentatzen, “bai gaitza ikusarazteko, bai nire gorputza onartu eta egoerari beste era batera aurre egiteko”.

Orain aurrera egitea dagokiola dioen arren, ezin du burutik kendu gaixotasunak lasai asko egin zuela aurrera bere gorputz barnean, hitzordu hori atzeratu ziotelako: “COVIDak kutsatu dituenak baino biktima gehiago uzten ari da krisi hau, eta horregatik erabaki dut kontatzea”.