argia.eus
INPRIMATU
“Beste eraso bat Kataluniako murgiltze ereduaren aurka: eskola-orduen laurdena gaztelaniaz”
  • Kataluniako hezkuntza sistema osoan eskola-orduen %25 gaztelaniaz izan behar duela ebatzi du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak. Epaileek Kataluniako eskolan gaztelaniaren "presentzia minimoa" azpimarratu dute. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko abenduaren 18a
Murgiltze ereduaren aldeko manifestazio bat 2014an.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du gutxienez eskola-orduen % 25 gaztelaniaz eman beharko dela Kataluniako hezkuntza sistema osoan. Horrela, 2015ean Hezkuntza Ministerioaren, orduan PPren esku zegoen, ordezkari gisa aurkeztutako Estatuko Abokatutzaren helegite bat aintzat hartu du auzitegiak. 2014tik orain arte, Auzitegi Nagusiak ezarri zuen ikasgaien %25 gaztelaniaz eman behar zitzaizkiela hala eskatzen duten familiei. Generalitateak uko egin dio sistematikoki, murgiltze-eredu linguistikoari eutsiz.

Kataluniako Hezkuntza Sailak kritikatu egin du ebazpena komunikabideetara lehenago zabaldu izana  Hezkuntza Politiken idazkari Carlos Martinezek salatu du haiek oraindik ez dutela jakinarazpenik jaso. Helegitea jarriko dutela iragarri dute.

Kataluniako herri mugimendu eta alderdi independentisten kritikak bata bestearen segidan etorri dira. Òmnium Culturalek adierazi du katalana "gure komunikazio-hizkuntza" dela eta herrian babes zabal duela. Murgiltze eredua kohesio sozialaren berme nagusia dela azpimarratu dute askok, baita Espainiako Estatuak Kataluniako hezkuntza eredu "etengabe murriztu eta eraso egiteko" duen dema arbuiatu ere.

Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek Kataluniako eskolan gaztelaniaren "presentzia minimoa" eskatzen dute, irakastorduen lardena, eta, hizkuntza ofizialaren irakaskuntzaz gain, gutxienez oinarrizko beste curriculum-irakasgai ez-linguistiko bat ere jaso behar dutela adieraziz. Lehen aldia da Auzitegi Nagusiak ehuneko hori Kataluniako eskola guztientzat ezartzen duena. Epaileek gogorarazi dutenez, hezkuntza sisteman ez dago katalanaren "lehentasunik" gaztelaniaren aldean.

Espainian onartzear dagoen hezkuntza-lege berriak, LOMLOEk, aldaketak dakartza hizkuntza koofizialen arloan, eta gaztelania komunikazio-hizkuntza nagusi gisa izateari utziko dio. Aldaketa horren bultzatzaileek, alderdi abertzaleek, murgiltzea blindatzeko balio zuela defendatu zuten. Hala interpretatu zuten eskuineko alderdiek ere, hala nola PPk eta Ciudadanosek, Gobernuari kritika zorrotza egiteko.