argia.eus
INPRIMATU
Beste eraikin bat okupatzen saiatu diren Tolosako gazteak desalojatu ditu Ertzaintzak
  • 200 pertsona inguru bildu dira larunbatean Tolosako Ezpala gaztetxearen aldeko manifestazioan. Aurreko kaleratzearen aurkako protestaren erdian Tolosako Udalaren jabetzako eraikin bat okupatzen saiatu dira. Ertzaintzak egunean bertan kaleratu ditu.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 18a
19:00ak aldera, sarreran eserita zeudenak banan-banan ateratzeari ekin dio Ertzaintzak (Tolosaldeko Ataria)

Urtarrilaren 13an desalojatu zuen Ertzaintzak Tolosako Gazte Asanbladak abenduan okupatutako lantegia. Kaleratzearen aurka, eta Ezpala gaztetxearen alde manifestazioa egin dute larunbatean. Manifestazioa ibilbidearen erdira iritsitakoan herriko beste eraikin bat okupatu dute gazteek. Gazteon ametsak ezin dira desalojatu irakur zitekeen pankarta eta bandera okupa zintzilikatu dituzte eraikineko balkoietatik.

30 gazte inguru, eraikinaren atarian eseri dira giza harresia osatuz. 19:00ak aldera, sarreran eserita zeudenak banan-banan ateratzeari ekin dio Ertzaintzak, Tolosaldeko Atarian irakur daitekeenez. Gogor oldartu zaie harresian zeudenei, arrastaka atera dituzte. Inguruan hauei babesa ematera joandakoak kolpeka urrundu dituzte. Harresiko gazte guztiak identifikatu dituzte; ez dute inor atxilotu.

Gazteek okupatutako eraikina Luminia enpresako nagusien bizilekua zen. Ondoren, eskumen publikokoa izatera pasa zen. Denbora tarte batez Gipuzkoako Foru Aldundiak bulegoak izan zituen bertan eta gaur egun jabetza Tolosako Udalarena da.

Ondorengo bideoetan ikus daiteke okupazioa eta desalojoa

-Tolosaldeko Ataria

-Topatu