Donostiako auzitegiak Gipuzkoako Foru Aldundiko aterpetxeetako garbitzaileen lanpostuen prozesuaren harira sententzia eman du: lanpostu guztietarako hizkuntza eskakizuna ezartzea “proportzioz kanpokoa eta diskriminatzailea” dela dio. CCOO sindikatuak eman du albistearen berri, eta sententzia ontzat jo du. Zaragozako Maria Angeles Rubio Gabas epaileak sinatu du epaia.
Euskararen aurkako oldarraldi judizialean sententzia bat gehiago da Donostiakoa eta ARGIAk epaia eskuratu du. CCOO sindikatuak Uliazpiren adibidea gogorarazi du bere pentsa-oharrean, eta ildo horretan kokatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka emandako azken sententzia. Hizkuntza eskakizunak murrizteko, lehen ere erabilitako argudioak errepikatu ditu sindikatuak. Uliazpirena eta gero iritsi da “Gipuzkoako Foru Aldundiaren nukleorako lehen epai hau, beharrezko hizkuntza eskakizunen sistemaren deribaren aurka, egonkortzerakoan eskainitako lanpostuen %100ean derrigorrezko hizkuntza eskakizuna eskatzeagatik, eta, ondorioz, hizkuntza eskakizunik gabeko bitarteko garbitzaileak baztertzeagatik”.
CCOOk adierazi duenez, ia bi hamarkadatan ez da oposaketarik egin eta langileek ez dute lanorduetan euskara ikasteko aukerarik izan, bitarteko langileak direlako eta kontratu laburrak dituztelako. Gaineratu duenez, “Gipuzkoako aterpetxe publikoetan garbiketako eta jantokiko langileak egonkortzeko ezohiko prozesu batean, hainbat langile kanpoan geratu dira hamabost lanpostuetarako derrigorrezko hizkuntza eskakizuna egiaztatuta ez izateagatik”.
Sindikatuak hizkuntza eskakizunak lanpostu guztietarako ez direla behar argudiatu du, beste sententzia batzuetan egin duen moduan. “Proportzio soziolinguistikoak” kontuan hartzea proposatzen du, eta hala eginda, hizkuntza eskubideak eta langileen eskubideak “ederki asko” errespetatu daitezkeela dio. Horri gehitu dio garbitzaileetako batzuek baino ez dutela izaten harremana aterpetxeko pertsonekin.
CCOOk jarrera baztertzaile eta segregatzailea edukitzea egotzi die hainbat sindikaturi, eta EAJk eta PSEk osatzen duten Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuak bere proposamena egin du egoera horri aurre egiteko: euskaltegiak doan, lanorduetan ikasteko aukera bitarteko langileentzat eta azpikontratatutakoentzat, makro-azterketarik gabeko egiaztatze modu berriak, eta ahozko zein ulermeneko azterketei ofizialtasuna onartzea.
Zaragozakoa jaiotzez, 47 urtekoa, Mari Angeles Rubio Gabas 2006an sartu zen karrera judizialean. Lehenik Huescan egon zen, ondoren Errioxan Calahorran, eta ondoren Nafarroan izan zen Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegian.
El Correo hedabidean elkarrizketa CCOOri
Loli García CCOO sindikatuaren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako idazkari nagusiak El Correo-n egin dioten elkarrizketan esan du erregulazioaren "oso goitik" daudela egungo profil linguistikoen eskakizunak lanpostuetan. "CCOO ez dago euskararen aurka, eta uste dugu herritarrak eskubidea duela euskaraz eta gaztelaniaz arreta jasotzeko", esan du.
Goiko esaldi horri baina bat gehitu dio Garcíak, erakundeek euskara gehiegi eskatzen dutela uste duela: "Erakunde askok lau buelta eta erdi eman dizkiote profil linguistikoen araudiari, eta erregulazioak ezartzen duena baino askoz ere eskakizun handiagoak ari dira ipintzen". Jardun horren erruz ari dira kaleratuak izaten lanpostu egonkorrik ez duten hainbat funtzionario, CCOOko idazkariaren esanetan.
Horrez gain, ELA eta LAB sindikatuak euskararen defentsan ari direla-eta, kaleratze horien errudun jo ditu eta, beraz, zera esan du Garcíak: "Gu ez gara inoiz langile baten kaleratzea eragingo duen pankartaren atzean egongo".