Kaiku km0 enpresako 15 langilek greba abiarazi zuten uztailaren 5ean. “Lan baldintza txarrak salatzeko lanuztea” dela adierazi du ELA sindikatuak.
2009an Jundizen (Araba) ireki zen plataformako 15 langile dira greba egiten ari direnak. Enpresa lanean hasi eta zazpi urte igaro direnean langileen heren batek Aldi Baterako lanerako Enpresa (ABLE) batek egindako azpikontratatua duela eta hasierako “lan baldintza txarrak sufritzen jarraitzen” dutela azaldu dute Kaiku Km0-ko grebalariek. Azken urteetan hainbat salaketa jarri izan dituzte, eta horregatik grebari ekin zioten orain dela 102 egun.
2014an, besteak beste, ondorengo irregulartasunak salatu zituzten, ELA sindikatuak adierazi duenez: “ez zen aitortzen ABEn lan egindako antzinatasuna, ez zegoen lan egutegi finkorik, aldaketak etengabekoak ziren, derrigortutako aparteko orduak zeuden, lan erritmo gogorrak, eta mantentze lanak eta garbitasuna ez ziren behar bezalakoak”.
2016ko martxoan enpresako arduraduna aldatu zuten, baina arazoak konpondu ez zirela azaldu dute langileek. Hortaz, uztailaren 5ean greba mugagabea abiarazi zuten, langileen kontratazio egonkorren alde, garbitasun eta segurtasun arauak bete daitezen, aparteko orduak amaitzeko, lan erritmo eta kargak “zentzuzkoak” izateko eta egutegiak errespeta daitezen, sindikatuak plazaratu duenez.