argia.eus
INPRIMATU
Beste emakume batek salaketa jarri du, Ertzaintzak Donostian egindako kargetan zauritu zutelako
  • Buruan foam jaurtigai batekin kolpea jasotako emakumeaz gain, bigarren pertsona bat zauritu zen Donostian asteartean ertzainek Realeko zaleen aurka egindako oldarraldietan. Ertzaintzak jakinarazi du kasu hau ere ikertzen ari dela.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko martxoaren 08a

Emakumezko batek salaketa jarri du Donostiako Udaltzaingoaren aurrean, bizkarrean inpaktu bat jaso zuelako pasaden asteartean. Kasu honetan lesio arinak dira, baina Ertzaintzak jakinarazi du ikerketa abiatu duela gertatutakoa argitzeko.

Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partidaren aurretik ertzainek Donostiako Anoeta inguruan zaleen kontra egindako kargetan zauritu zen pertsona hori. Ertzaintzak onartu du zauritua ez zela parte hartzen ari "euskal jarraitzaile erradikalen talde antolatu batek hasitako desordena publikoetan".

Horrez gain, 44 urteko beste emakume bat ZIUn dago oraindik, larri, foam jaurtigailu batek buruan jo eta odol-isuria eragin ostean. Noticias de Gipuzkoak pertsona horri lagundu zion gazte baten lekukotza argitaratu du.

Lekukoak azaldu duenez, "dena oso lasai zegoen, ez zen ezer gertatzen ari momentu horretan". Baina halako batean ertzain ugari ikusi zituzten eta kargatzen hasi zirela dio: "Aluzinatzen ari ginen, zer ari da gertatzen? Ez dago eta inor eta...". Emakumea "airetik" ateratzen ikusi zutela ziurtatu dute eta lurrean ikusi zutenean laguntzera joan ziren.

Ertzaintzak onartu du zauritua ez zela parte hartzen ari "euskal jarraitzaile erradikalen talde antolatu batek hasitako desordena publikoetan"

Bere esanetan, Reale Arena estadiora sartzeko ilara luzeak zeuden, gaztez beteta, baina "eroak bezala ari ziren tiro egiten, guk ez genuen inor ikusi istiluak sortzen".

Ertzaintzak, bere aldetik, jakinarazi du "lanean" ari dela "frogak bildu eta desordena publikoak eragin zituzten, hiri-altzarietan kalte materialak egin zituzten eta Ertzaintzako 8 agenteri lesioak eragin zizkieten pertsonak identifikatzeko eta epailearen eskuetan jartzeko".

"Ertzaintza deskontrolaturik dago"

Poliziak herritarren kontra azkenaldian egindako oldarraldiek soka politikoa ekarri dute. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du, Tolosan, Gasteizen eta Donostian gertaturikoa ikusita Ertzaintza "deskontrolaturik" dagoela: "Norbaitek tentsioa igo nahi du eta ez da ezker subiranista", esan du.

Arnaldo Otegi: "Esan dezala [Erkorekak] zein talde dauden, zeren eta polizia infiltratuak baldin badaude –eta badaude, argazkietan ikusi ditugulako–, eta istilu horiek sortzen dituztenen erdian badaude, jakingo dute zein diren"

Zentzu horretan, EH Bilduren kontrako "estrategia" bat dagoela salatu du eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aste honetan egindako adierazpenak testuinguru horretan kokatu ditu Otegik. Erkorekak iradoki zuen gertaera horien atzean "talde antolatuak" eta "sigla politikoak" daudela.

"Esan dezala zein talde dauden, zeren eta polizia infiltratuak baldin badaude –eta badaude, argazkietan ikusi ditugulako–, eta istilu horiek sortzen dituztenen erdian badaude, jakingo dute zein diren", esan du EH Bilduko kideak.

Bestetik, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak Madrildik eskatu du "fokua" ez jartzen Ertzaintzarengan baizik eta "kaleak sozialki astitzen" dituztenengan.