Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak onartu egin du iragan azaroaren 9an egindako deklarazio independentista berresteko CUPek aurkeztu duen mozioa. Honek Auzitegi Nazionalari desafio zuzena egiten dio.
Espainiako Konstituzio Auzitegiak iragan abenduaren 1ean utzi zuen bertan behera Legebiltzarraren adierazpen independentista. Eztabaida apirilaren 6an eta 7an izango da eta CUP eta Junts Pel Síren arteko ika-mika piztu du berriz. Francesc Homs Democracia y Libertad alderdiko diputatuak gogor kritikatu du CUP eta galdetu du ea zer nahi duten, “oraindik gureganatu ez ditugunak erakartzea edo zalantzarik ez dugunon artean kontraesanak sortzea?”.
Legebiltzarreko Mahaiak onartu egin du CUPen mozioa, baina eskatu dio testua egokitu dezala, bere edukiak Konstituzio Auzitegiaren debekuarekin talka egiten duelako bete-betean. CUPek testuan aldaketarik egin ezean, Mahaiak bozketarik ez egitea proposatuko dio Legebiltzarrari, eta eztabaia egitea ala ez osoko bilkuraren esku geratuko litzateke. CUPeko Anna Gabriel diputatu eta bozeramaileak jakinarazi duenez, ez dute koma bakarra ere aldatuko aurkeztutako testuan.
Konstituzio Auzitegiari aurre eginez, azaroko deklarazio independentista indarrean dagoela dio CUPek aurkeztutako idazkian; deklarazioaren albokoak indarrean jartzeko 30 egunetan plan bat aurkeztea eskatzen dio Generalitateari; eta Auzitegi Nazionalak eskatutako informazioari uko egin diezaiola eta Eskuadra Mossoek ez dezatela polizia judizialaren lanik egin harentzat.
Konstituzio Auzitegiaren bideaz gain, Espainiako Auzitegi Nazionalak ere bere bideari ekin dio. Ismael Moreno epaileak hainbat prozedura ireki ditu azaroaren 9ko adierazpen independentistari babesa eman dioten udalen aurka. Bitxia bada ere, epaileek ez dute zuzenean jo adierazpen independentista bideratu zuten parlamentarien aurka, baina bai sostengua adierazten dioten udalen kontra.
Ismael Moreno da, besteak beste, Madrilen txotxongilolarien atxiloketa eta auziperatzea agindu zuen epailea. Moreno polizia inspektorea izan zen frankismoaren amaieran, Auzitegi Nazionaleko epaile beteranoa da eta oso ezaguna da auzipetuak behin-behinekoz espetxeratzeko duen arintasunagatik.