Buñueleko (Nafarroa) kasuan, 34 urteko gizona makina batean harrapatuta geratu da. Arratzun (Bizkaia), aldiz, garabiak goi-tentsioko linea bat ukitu ostean hil da 61 urteko gizona.
Arratzuko (Bizkaia) langilearen istripua astelehen goizean jazo da. Behargina aire librean lanean ari zela goi-tentsioko linea baten deskarga elektrikoak jota hil da 09:00ak inguruan. SOS Deiak larrialdietarako zerbitzuei dei egin diete, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez: "Anbulantzia bat, suhiltzaileak eta Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira, baina ez dute langilea salbatzerik izan".
Baserri bateko teilatua konpontzen ari zen langilea. Teilak garraiatzeko garabia zerabilen eta horrek goi tentsioko kable bat ukitu duenean jo du deskarga elektrikoak. 61 urteko behargin portugaldarra zen, Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones SL enpresarentzat lanean, Loiolako baserri batean.
LABek gertatutakoaren inguruan adierazpenak egin ditu: ohartarazi du Luma garabiak erabiltzeko "berariazko prestakuntza" behar dela eta goi-tentsioko instalazioak hurbil egoteak prebentzio neurriak eta lana "behar bezala planifikatzea" eskatzen duela. Istripuan gutxieneko segurtasun baldintzak bermatu ez direla ere salatu du sindikatuak.
Nekazaritza-enpresa batean, Buñuelen
Buñueleko (Nafarroa) langilearen istripua astelehen gauean izan da. Ezbeharra Buñuelgo La Mina inguruan dagoen lehortegi batean gertatu da, langilea, 34 urteko gizon bat, makina batean harrapatuta geratu denean, 23:00ak inguruan. SOS Nafarroako larrialdiak kudeatzeko zentroak izan du gertaeraren berri. Horrek, Tuterako parkeko suhiltzaileak, Buñuelgo mediku-taldea, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat eta Tuterako Foruzaingoaren polizia-etxeko patruilak bidali ditu. Hala ere, larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin bertan hil den gizonaren bizia salbatzeko.
Asteleheneko bi istripu hauetan hildakoekin, 2025ean hamalau langile hil dira jada.