Yesenia Mollinedo eta Johana García kazetariak Veracruzen hil dituzte astelehen honetan, saltoki baten kanpoaldean beraien autoan zeudela tirokatuta. Azkeneko hiru urtetan prentsako langileen kontrako 1.945 eraso zenbatu ditu Mexikoko Gobernuak.
Mexikoko Veracruz estatuaren hegoaldean, Cosoleacaque herrian hil dituzte Yesenia Mollinedo eta Sehila Johana García. Lehena El Veraz albistegi atariko zuzendari eta kazetaria zen, eta bigarrena hedabide horretako kameraria. Astelehenean, saltoki baten kanpoaldean baina auto barruan zeudela, gizonezko ezezagun batzuk hurbildu eta tirokatu egin zituzten bi emakumeak hil arte.
Estatuko fiskaltzak azaldu du ikerketa abiatu duela eta fiskalak, perituak eta poliziak lanean ari direla hilketa argitu eta "arduradunak atzemateko". Veracruzeko fiskal nagusiaren esanetan "ikerketa lerro guztiak urratuko ditugu". Hain justu, Kazetariak Babesteko Mexikoko Estatuko Batzordeak gobernuko arduradunei eskatu die kazetarien jarduera profesionala izan dadila "krimen doilor honen" ikerketa lerro nagusia.
Aurten jadanik hamaika dira Mexikon sikario eta ezezagunen esku bizia galdu duten kazetariak –joan den urtean zazpi izan ziren– eta bi hilketa berri hauek prentsako langileen kontrako erasoaldi betean datoz. 2018ko abenduan Andres Manuel López Obrador agintean jarri zenetik 1.945 eraso jasan dituzte hedabideek, Mexikoko Gobernuak emandako datuen arabera.
38 orduz behin, emakume kazetari bati eraso
Emakume kazetariak ari dira bereziki prentsaren kontrako indarkeria hori jasaten. Cimac komunikazioaren arloko emakumeak biltzen dituen erakundearen arabera, 38 orduz behin emakume kazetariek eraso bat jasaten dute, eta Lopez Obradorren gobernua hasi zenetik 661 atentatu zenbatu dituzte, Cosoleacaqueko bi hilketa horiek kontuan eduki gabe. Ohikoan, informazio blokeoak, mehatxuak eta zelatatzeak jasaten dituzte, erakundearen esanetan, baina baita heriotzarainoko eraso fisikoak ere.
Pasa den urtarrilaren 23an Lourdes Maldonado hil zuten Tijuanan, honek agintariei publikoki babesa eskatu arren. Kasuak protesta eta salaketa ugari sortu zuen herrialde guztiak.
Yesennia Mollinedo eta Johana Garcíaren hilketak salatzeko elkarretaratzea egin zuten Mexiko Hirian astelehenean. Horrekin batera, pasa den ostegunean Culiacánen hil zuten Luis Enrique Ramírez kazetaria ere gogoratu zuten.