argia.eus
INPRIMATU
Beste bederatzi gazte auzipetu dituzte Iruñeko Sarasateko okupazioa dela-eta
  • Iazko urriaren 8an, Iruñeko Sarasate pasealekuko eraikin bat okupatzeagatik hamabi lagun auzipetu dituzte: unean bertan hartu zituzten atxilo horietako hiru; gainontzeko bederatziei deklaratzera dei egin diete orain.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko otsailaren 13a
Sarasateko 12ak, udaletxe aurrean, larunbatean eskainitako prentsaurrekoan. (Argazkia: Euskalerria Irratia)

Larunbatean eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, "espetxeratze arrisku erreala" dute. Bestalde, auziaren karietara, Iruñeko Udalak jarrera "larria" azaldu duela kritikatu eta "absoluzioa" exijitu dute.

Kartzela arriskua

Hutsaraztearen unean, polizia "bortizki" oldatu zela ekarri dute gogora, eta orduan gertatutakoaren inguruko irakurketa egin: "kapitalaren jazarpen-makineria guztia martxan jarri zen. Guardiako epailearen deia, bat-bateko jokabideak operatiboaren baitan, udaltzaingoaren sektore baten jardute 'autonomoa' eta bestelakoetatik haratago; irmoki salatu nahi dugu sistemaren mesedetara lanean diharduten egitura errepresibo guztiak. Etxebizitza bera pertsona ororentzat oinarrizkoa den beharra izanik, egiturak sistemaren interesei erantzuten baitie lehenik.

"Polizia jazarpena" salatu dute auzipetuek. "Azpimarratzekoa da hamabi izenetara iritsi den akusatu edo aztertuen zerrendak espetxeratze arrisku errealak dakartzala. Oraingoan, akusazio judizialak gugan jaurti diren arren, egungo bizitza soziala menperatzen duen merkatuari aurre egiteko prest legokeen beste edozeinengan ere eror zitekeela badakigu", esan dute. 

Iruñeko Udalak jarrera "larria" izan duela uste dute auzipetuek. "Operatiboaren inguruan diharduen txosten tekniko bakarra desalojoan bertan errepresioa pairatu zutenen exigentzietatik oso aldenduta baitago. Modu berean nabarmendu nahi dugu Herritarren Segurtasun saileko zinegotzia den Aritz Romeoren seriotasun falta; oraindik ere ez baitira hartu Udaltzaingoaren arduradunen kontrako neurririk, ezta inplikaturik zeuden kargu politikoen arduren gain hartzea ere".

Elkarretaratzea, ostiralean

Heldu den ostiralean, hilaren 17an, deklaratzera joanen dira hamabi gazteetako bederatzi eta, horregatik, elkartasun elkarretaratzera deitu dute, Justizia Epaitegiaren aurrean, 11:00etan.

(Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra)