Era bateratuan irten dira kalera astelehen honetan. Urriaren 1a Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz deialdi berezia egin dute, indar erakustaldia eginez.
Bizkaiko hiriburuko lau puntu ezberdinetatik, pentsionistak zutabeetan heldu dira manifestazioaren abiapuntu bezala xedatutako Moyua plazara. 12:00etan ekin diote, denak batera, Udaletxerainoko manifestazioari. Antolatzaileen arabera, 35.000 pertsona inguru bildu dira.
Bilbon harago, Iruñean eta Gipuzkoako zenbait udalerritan ere egin dituzte mobilizazioak. Gasteizen arratsaldean egingo dute mobilizazioa, 19:00etan Artiumen. Donostian, aldiz, larunbatean egingo dute manifestazioa.
Pentsionistak Espainiako Enplegu, Migrazioa eta Gizarte Segurantzako ministro Magdalena Valeriorekin ere bildu dira, pentsio publiko duinen sistema mantentzeko aldarria helarazi asmoz. Valeriok bilkuran egindako adierazpenak jaso ditu Europapressek, eta hauen arabera Espainiako Gobernua “ezin da konprometitu” 1.080 euroko pentsio minimoa ezartzera. Ministroaren hitzetan, momentu hauetan Gizarte Segurantzaren transferentzia ez da lehentasunezko zerbait gobernuarentzat.