argia.eus
INPRIMATU
Beste aktibista indigena bat hil dute tiroz Hondurasen
  • Hego eta Ertamerikako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, José de los Santos Sevilla aktibista hil zuten joan den otsailaren 18an Hondurasko Orica herrian. Bost gizon sartu ziren tolupan herriko buruzagiaren etxera, eta tiroz hil zuten. Lanbidez irakaslea zen Santos.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 21a

Tolupan herriak maiz salatu izan du Santosen aurkako jazarpena. Ingurumenaren aldeko borrokan nabarmendu zen, bereziki tolupan herria bere bizilekutik kanporatua ez izateko Hondurasko lurjabe handien aurka oldartuz. Tolupan Indigenen Elkarteko presidentea zen hildakoa.

Hondurasen eraildako aktibisten zerrenda luzeko azkena da Santos Sevilla, oraingoz. Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak berriki argitaratutako txosten baten arabera, 2009tik hona 123 militante ekologista eta indigena hil dituzte bertan. Munduan mota horretako hilketa gehien gertatzen den herrialdea da Honduras.