argia.eus
INPRIMATU
Beste 494 pertsona sartu dira martxoan langabezian Hego Euskal Herrian
  • Denera 172.508 dira martxo bukaeran Hego Euskal Herrian langabezian dauden lagunak, otsailean baino 494 gehiago. Nafarroa da langabeziak behera egin duen lurralde bakarra, baina Nafarroa da baita ere 2020an langabe gehien pilatu dituena.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 06a

Langabeen zifrari gehitu behar zaio aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileak: 34.996. Martxoan, behera egin du enplegu erregulazioan daudenen kopuruak –otsailean baino 11.598 gutxiago dira orain–.

Langabeziak behera egin du Nafarroan, baina kontuan hartu behar da Nafarroa dela 2020an bilakaerarik okerrena izan duen lurraldea, eta iazko martxoan baino 5.122 langabe gehiago ditu uneotan.

Enplegu bulegoetan erregistratuta dauden langabeen artean, gehiengoa emakumeak dira (%56,2).

Behin-behineko kontratuak

Martxoan egin diren kontratuen %12,3 mugagabeak dira, azkenaldiko kopururik handiena. Halere, ELA sindikatuak ohartarazi du kontratuen behin-behinekotasunak oso altua izaten jarraitzen duela –martxoan sinatutako kontratuen ia %88–.

ELAren hitzetan, “agenda sozial argia bultzatu behar da, pentsioen erreformak eta lan-erreformak bertan behera uzteko. Premiazkoa deritzogu lan-erreformak indargabetzea, gure herrialdeetan lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea aitortzeko”.

Kolpe gogorra langile gazteei

LAB sindikatuak azpimarratu du jada egoera ahulenean zeuden pertsonak eta kolektiboak direla ondorio txarrenak jasaten ari direnak. “Ildo horretan, nabarmentzekoa da gazteriak jaso duen kolpe gogorra, lan-ikuspegitik gehien zigortutako gizarte-sektorea baita. Zehazki, epidemia hasi zenetik, 35 urtetik beherako gazteen artean erregistratutako langabeziak %37 egin du gora”.

LABek salatu duenez, “lan-merkatuaren egiturazko arazoei, hala nola gazteen langabezia-tasa handiari eta Europako behin-behinekotasun-maila handienei, orain kontratazioaren beherakada eta lan-aukerarik eza gehitu behar zaizkie, pandemiaren ondorioengatik”.