argia.eus
INPRIMATU
Beste 40 urtez esperoan egon nahi ez baduzue

Iñigo Satrustegi @InigoSa 2024ko apirilaren 29a
Halley (Led Silhouette). Apirilaren 12an, Gayarre antzokian (Iruñea). Argazkia: Irantzu Pastor.

Nire belaunaldiak ikusi ditu hiru aita santu, pandemia, gameboy color-etik hasita Play Station 5erako kontsola guztiak eta gatazkaren amaiera. Nire belaunaldia sortu gabea zen 1986an Halley pasa zenean. Ez dugu ikusteko aukerarik izan, gaurdaino. Gayarre Antzokian izan naiz Lesakako Led Silhouette dantza konpainiaren azken lanaren estreinaldian. Monumentala.

Argiak artean piztuta eta teloia igo gabe zirelarik hasi da musika, eta hain justu horrekin jolastu dira iluntasuna aretora ekartzeko. Ez dut antzoki dotoreetan halakorik ikusi orain arte. Izaki espazial bat sartu da kalabozo modukoan, aurreko hormaren atzean zerbait dagoela dirudi. Beltzera egin du bat-batean eta argi berdea segituan: zortzi izaki gela barruan. Sims-ak dirudite, eta hala mugitzen dira hara-hona. Imajina ezazue pelikula distopiko bat edo Stranger things. Kamera bat dago hor. Eta telebista bat justu kontrako paretan. Ohartu direla dirudi: agur egin diote kamerari, elkarri ere bai. Mesfidantza ere adierazi dute. Hasieran izaki independenteak dira, eta gero eta biziago dirudite, talde bihurtu dira konturatzerako: bat egin dute.

Hotsak eta zaratak hormaren beste aldean. Zer dabil hor? Ihes egiten ahalegindu dira. Eszenek aurrera egin ahala, gero eta gauza gehiago gertatzen hasi dira antzokian. Alarmaren argi laranjak sorginduta ditu. Berriz ere izaki espazialaren agerpena, astronauta modukoa. Beren kabuz atea zabaltzea lortu dute, eta kontrako paretan zulo bat ireki da. Alde egin edo geratu. Bi zuloak konektatuta daude: multibertsoa, mundu paraleloak, zulo beltzak, ispilu efektua. Ihes egin nahi baina ezin. Liluraren eta larritasunaren arteko zera bat. Zuloa itxi da, eta berriz ere astronauta.

Horiek guztiak oholtzan gertatzen ziren bitartean, hotsik txikiena ere ez da entzun ikusleen artean. Zero. Eztandaren aurreko tentsioak hartu gaitu denok. Are, dantzarien zaratak ere oso noizbehinkako zerbait dira, kometa bezala. Musika ozena bai, baina zeinen isilka mugitzen diren dantzariak mugimendu bortitzenetan ere.

Halley benetan ikusgarria da zentzu guztietan: dantzaz gehiegi ulertzen ez baduzu ere, kanpoan eguraldi ederra egiten duelako pereza ematen badizu ere, eszenografia zoroa duelako, beste mundu baterako atea zabaltzen duelako eta ikuskizun modura monumentala delako. Izen bereko kometak 2061ean zeharkatuko du berriz gure zerua, eta martxa honetan ez dakit Lurra bera suntsituta egongo ez ote den. Ez zaitezte geratu beste ia 40 urte horren esperoan, probestu aukera: joan zaitezte lesakarren Halley ikustera.