Panelakut tribuak egin du oraingoan aurkikuntza: identifikatu eta dokumentatu gabeko 160 hilobi baino gehiago, 1890etik 1970era ume indigenak bortxaz eramaten zituzten barnetegi izandakoan, Kanadako golkoan. Halako barnetegietan 1.100 hilobitik gora aurkitu dituzte dagoeneko.
Maiatzean, 215 umeren gorpuzki atzeman zituzten Kamloopseko eskola batean. Ekainean, 751 hilobi aurkitu zituzten Cowessess herriko Marieval barnetegian. Orain 160tik gora izan dira. Hamarkadatan zehar, milaka haur indigena euren familiengandik banandu eta eskola berezietan sartu zituzten, Europako kolonialisten tradizio eta ohiturak barneratzera behartzeko. Biolentzia eta sexu gehiegikeriak tarteko, hil ez zituztenak traumatizatuta atera ziren, erreportaje honetan kontatu genuen moduan.
2015ean ikerketa batzorde batek ondorioztatu zuen genozidio kulturala izan zela, barnetegietan egindakoa. Ume Galduak Proiektuak barnetegietan hil ziren 4.100 haur baino gehiago identifikatu ditu; horietako asko bertan lurperatu zituzten.
Erantzukizun eske
Aurkikuntza polemikoek herrialdea astindu dute eta Justin Trudeau lehen ministroak bere erantzukizuna onar dezala eskatu dio Eliza Katolikoari.
Kanadako komunitate indigenek berriz, herrialdeko barnetegi hauek guztiak ikertzeko eskatu du.