Uda hastearen lehen ajeak. Herriko festa askoren egunak dira hauek, jada pasatu ez badira. Biharamun gogaituak hasiak ez badira bederen. Uda hastearen lehen ajeak, ekaina amaitzear dela. Eta uda hastearen lehen ajeen egunotan, orain artekoa asetzeko lain izan ez bada, tori postrea: EHZ festibala.
Beran eta Saran barrena Itoizen doinu antologikoak entzunez iritsi gara Irisarrira. Han ospatuko da aurtengo festibala, baina festa, parranda eta ospakizunez harago, kutsu politiko eta kulturaletik gehiago izango du edizio honek. Hiru urte igaro dira azken festibala egin zenetik, eta Irisarrin euskara eta euskal kulturaren bueltan bildu garenon motibazioa aski indartsua da, presioaren pisuari garrantzia kentzeko beste.
“Ez ahantzi, hau ez da HatortxuRock”.
Hara hor, zer nolako ongi-etorria egin diguten Iparraldeko hauek. “Hain lehorra izateko euskalduna izango da behintzat” otu zait estereotipotan jausiz. Baina bueno, birritan pentsatu gabe esku bat bota digu kanpinarekin, eta berak berea muntatu du segundo batean, geurearen alboan. Bizilagun egin zaigu. Eskua luzatu digu ondoren: “Ni Mixel”. Garraio publikoan etorri dela diosku, sustatu egin behar dela-eta. “Guk ez diogu Macroni dirurik eman nahi” bota diogu oldarkor, eta hark, erantzuna prestatuta ekarri balu bezala, “Eta Urkulluri bai?” luzatu digu. Barre egin eta ulertu dugu elkar.
Hanka egin du Mixelek auskalo nora, guk Pentzerainokoa egin dugu. Liher amaiturik zen ordurako, eta Gari eta bere sekreta lookarekin egin dugu topo. “Zaharra zara Gari” oihukatu dute albotik. Eguzkia sartzear zen eta mendi-lerroaren silueta genuen gure atzean. Une labur-labur batez, Arestiz oroitu eta mendi puntara igotzeko gutizia sortu zaigu, bertan organizatzeko euskararen salbazioa. Baina ez: maldan gora hasi baino ttanttoak xahutzeari ekin diogu. Gastuen aurreikuspena pikutara, ttantto gehiago erosi beharko.
Kontzertuen arteko giza mugimenduetan, zanpantzar talde bat sartu da tartean. Zuzi bana eskuan, jende tartetik igarotzen. Kostata ohartu gara horietako bat Mixel zela. Jende multzo bat inguratu dute zanpantzarrek, gu tartean, eta Mixel behar baino gehiago gerturatu zaigu halako batez. Nahita edo nahi gabe, baina sugarren batek egin dio ihes gure hanketara. Keinu bat egin digu aurpegiarekin etortzeko-edo esanez, guk oraindik ere zalantzan jartzen genuela Mixel zen ala ez. Buruari buelta gehiago eman gabe, Kobanen lehenengo notak hasi dira, indartsu eta grabe, zanpantzarren sugarrak urrunean txikitu ahala. Gerriak mugitu ditugu aspaldian ez bezala, giroa ere aldekoa zen-eta. Kontzertu ikaragarria ikusi dugu, show totala, ahotsak beti bezain finak, instrumentazioa beti bezain dotorea.
Zurrumurrua dabil airean: biharamunean ikastaroak eta abarrak daudela eta gaur ez dela parrandarako beta handirik egongo. Madeleinekoak entzun ditugu, Nizuri Tazuneri ere bai, baina nahikoa eginda gaude. Lotarako asmoz erretiratu gara kanpalekura, baina asmo hutsean gelditu da, ondokoek gau osoa eman baitute edanean eta kantuan. Gauean zeharreko lo-ezinean, behin baino gehiagotan iruditu zait ahotsen artean Mixelena entzun izana. Ezin ziur esan, baina sentipena daukat zerbait ezkutatzeko baduela espero ez dugunean soilik agertzen den tipo xelebre horrek. Hark topatzen gaitu gu, inoiz ez guk bera.