Euskal Herriko mugimendu antiespezistaren espazio nagusietako bat izan da Bilbo hasieratik. Ez da kasualitatea 2011. urtean lau aktibista atxilotu izana hiri horretan, animalien askapenaren aldeko ekintzaileak sistemaren jomugan jarri zituen operazioaren ondorioz. Auzia artxibatu egin zuten, martxan jarri eta lau urtera, baina izan zuen eraginik: ekintzaile antiespezistak kriminalizatzeko saioak bertan behera utzi zuen haietako anitzen jarduera, eta, ondoroiz, nolabaiteko etenaldi bat gertatu zen mugimenduan.
Antiespezistek jarraitu dute bidea egiten, hala ere. Talde batzuk desagertu, eta berriak sortu dira, eta Bilboko Piztiak da azken hamarkadan martxan jarri diren horietako bat. Ez da ohiko kolektibo bat, ordea, esparru zehatz batean aritzen baita: bestaren esparruan, alegia. Konpartsa baita Piztiak, Bilboko Konpartsetako bat. Hamarkada erdi luzea egina du taldeak, Bilboko gainerako konpartsen artean, eta horrek aukera eman dio bertze hamaika kolektiborekiko harremana lantzeko. Izan ere, bestak eta aldarrikapenak bat egiten dute Bilboko jaietan, Euskal Herriko bertze hiri eta herri anitzetan bezala. Bestaren eta borroka politikoaren arteko uztartzea bereziki nabarmena da Bizkaiko hiriburuan, herri mugimenduko talde gehienak ordezkatzen baitituzte konpartsek. Besta nahi dute, eta borroka ere bai.
Bi arlo horiek bat egiten duten espazioan mugitzeak gauza on anitz eman dizkio Piztiak konpartsa antiespezistari: “Gainerako konpartsekin lan egiten dugunez, politizatuta dagoen jendearengandik gertu gaude, eta horrek aukera ematen digu haiengana heltzeko; gainera, mugimendu antiespezista ikusgarri bilakatu dugula uste dut”. Piztiak konpartsako kide Ziortza Larreategi Gomezenak dira hitzak. Ekologismoaren eta desazkundearen esparruetan aritu zen antiespezismoa ezagutu aurretik. Animalien askapenaren aldeko mugimenduan, hain zuzen, Piztiak konpartsaren eskutik murgildu da Larreategi Gomez: “Antiespezismoak eman dit diskurtso politiko bat, eta eman dit sentitzen nituen gauzei zentzu bat eman ahal izatea”.
Bilboko konpartsentzat Aste Nagusia da urteko ekitaldirik garrantzitsuena; Piztiak kolektiboko kideentzat ere bai. Egun horietan , hiriko eta bestaren erdigunera eramaten dute antiespezismoaren aldeko mezua. Konpartsako kideak lan eta lan ari dira jada abuzturako dena prest izateko, eta bestak berriz ere herri mugimendu ororen borrokarako espazio izan daitezen. Larreategi Gomezek nabarmendu du elkarrekin aritzeak eta saretzeak babesa ematen diela. Konpartsa guztiek hilabetean behin egiten dute batzarra, eta mahai gainean jartzen dituzten gaiak lantaldeetan jorratzen dituzte. “Gure kolektiboaren funtzionamendua bera da; hilabetean behin egiten dugu bilera, eta batzordeka lantzen ditugu esku artean ditugun auziak”, azaldu Piztiak taldeko kideak.
Hartu-eman horrek aukera ematen die talde guztiei bertzeen berri jasotzeko. Piztiak taldeko kideek antiespezismoa jartzen dute mahai gainean, bertze konpartsek barnera dezaten, eta haiek berdin egiten dute gainerako taldeok erdigunean jartzen dituzten bertze gaiekin. “Pentsatzen duguna baino neurri handiago batean ari da iristen beste konpartsen mezua guregana; talde horien gaiak etxera eramaten ditugu, eta horrek behartzen zaitu hausnarketa bat egitera”, nabarmendu du Larreategi Gomezek.
Piztiak taldeko kideen gaiek ere sortzen dute gogoeta gainerako konpartsetako kideengan. Hori da asmoa, hain zuzen ere. Eta Larreategi Gomez kontent da orain arte lortu dutenarekin. Izan ere, bospasei urteko epean, Piztiak kolektiboak lortu du konpartsen esparru horretan gizakiz bertzeko animalien aldeko jarrerak bere tokia izatea. “Bospasei urteotan, gauzak aldatu egin dira. Orain konpartsek egiten dituzten ekintza guztietan, adibidez, bada aukera %100 begetal bat”. Larreategi Gomezek uste du horrek islatzen duela ekintzaile antiespezistek lortu dutela gainerako konpartsetako kideen errespetua. Ontzat jo du, baina argi du ez dela nahikoa. Finean, animalien askapena helburu izanda, harago jo nahi du Piztiak taldeko kideak: “Falta da beste klik bat egitea, eta animalienganako errespetua lortzea”, erran du.
Hasierako talkak eta tentsioak gogoratu ditu, baina ez du zalantzarik bidean aurrera egin dutela. “Gainerako herri mugimenduak gizakiz besteko animalien aldeko ekintzaileen zain ziren; bazekiten denbora kontua baino ez zela gure mugimenduak gainerako herri mugimenduen artean dagokion tokia hartzea”. Larreategi Gomezek uste du gakoetako bat dela presarik ez izatea, urratsak poliki baina sendotasunez egitea, eta batez ere, gizakiz bertzeko animalien aldeko mezua zabaltzearekin batera, gainerako kolektiboen diskurtsoak entzutea, jasotzea eta barneratzea.