argia.eus
INPRIMATU
Beskoitzeko ikastolari eraikitzeko baimena emango al dion erabaki behar du Herriko Etxeak
  • Hiru gela aurrefabrikatuk osatzen dute Beskoitzeko ikastola, eta haurren ongizateari eta proiektua garatzeko beharrari erantzun asmoz, ikastetxea eraikitzeko baimena eskatu diote Herriko Etxeari, ez besterik. Udal kontseiluarekin bildu dira eta ekaina bukaeran izango dute erabakiaren berri.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 31

Egungo baldintzetan ezin dutela gehiago horrela segitu eta Beskoitzeko ikastolara doazen haurrei euskaraz ikasi, lan eta bizitzeko aukera eman behar zaiela azaldu diote ikastolako ordezkariek Kazeta.eus-i.

2013an lau haurrekin hasi zuen proiektuak ibilbidea eta ikasturte honetan 51 ikasle ditu. Herriko Etxeak dio ez dagoela zertan ikastola handitu, ikasle kopurua 50era murriztea dela irtenbidea. Murriztu ordez, garatzeko gogoa dutela dio ikastolak. Eraikitzeko baimena baino ez dutela eskatzen gogoratu dute, Seaskaren ardura izango dela proiektua aurrera ateratzeko beharko diren diru eta baliabideak lortzeko bidea egitea.

Orain arteko eskaerei ateak itxi dizkiete

Ez da eskaera egiten duten lehen aldia. “Bide ezberdin batzuk xerkatu ditugu: gela publiko batzuen galdea eginik, gela pribatu batzuen galdea eginik ere, lur pribatu batzuk xerkatu ditugu ere, alokatzeko edo erosteko gisan. Aztertu eta bide guztiak banaka-banaka hetsi zaizkigu”. Eskaera berri honen inguruko erabakia ekainaren amaierarako jakinaraziko du Herriko Etxeak.

“Egiazko ikastola bat merezi” dutela aldarrikatuz, sostengua emateko sinadura-bilketa ere abiatua dute sarean.