Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.
Kolokan zegoen Lapurdiko Beskoitzeko ikastolak datorren ikasturtea non egingo zuen, abenduaren 18an Fabienne Aiensa auzapezak jakinarazi baitzien lurrak utzi beharko zituztela uztailaren 6an, herriko kontseiluak hala ebatzita. Astelehenean, ordea, alokatzeko baimena urtebetez luzatzea erabaki du herriko kontseiluaren gehiengoak.
Hamabi hautetsi hitzarmen berri bat egitearen alde agertu dira, lau kontra eta bat abstenitu egin da. Beraz, 2025eko uztailera arte lurrak alokatzen jarraitzeko proposamen baten zain daude Beskoitzeko ikastolako gurasoak. Azken asteetan hainbat hautetsirekin izandako bilkuren ondorioa izan da asteleheneko erabakia, jakinarazi dutenez. Ikusteke dago zein diren hitzarmenaren baldintzak eta 2025etik aurrera zer gertatuko den ikasleekin.
Beskoitzeko ikastolarekin akordioa egitea ebatzi dutela jakinarazi ostean, Fabienne Aiensa auzapezak iragarri du dimisioa aurkeztuko diola Pirinio Atlantikoetako prefetari. Beskoitzeko ikastolaren gatazkari lotuta herrian piztutako giro ezatsegina azpimarratu du, eta azaldu du azken asteetan “irainak eta mehatxuak” jasan dituela eta, besteak beste, osasun arazoen eraginez dimititzea erabaki duela. Hemezortzi urte zeramatzan auzapez izaten.
Orain, prefeturak hauteskundeak egiteko data finkatu beharko du, auzapez berria aukeratzeko. Beskoitzeko ikastolarekin herriko etxeak izandako gatazkaren ondorioz beste hiru hautetsik ere dimititu dute azken hilabeteetan, Berriak gogorarazi duenez.
Beskoitzeko ikastolak 2013an eraikin sendo bat izateko proiektua aurkeztu zion Seaskak herriko etxeari; prefabrikatuetan daude gaur egun, herriko etxeari alokatutako lurretan. Seaskak egindako eskaera guztiei ezetz esan zieten, eta prefabrikatuak kendu eta eraikin berria jasotzea ezinezko bihurtu zuten. Seaskako eragileek eskatu dute herrian dauden gela hutsak baliatzea, herriko kantinan bazkaltzea, aparkaleku publikoan autoa uztea edota jabe pribatu baten lursaila alokatzea. Denari ezezkoa eman dio herriko etxeak, eta lursail horietatik joateko agindua jaso zuten. Hainbat gorabehera, protesta eta bilkuraren ostean, prefabrikatuetan segitzeko baimena jaso dute beste urtebetez.