2.500 euskaltzale elkartu dira Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestaziora. Herriko etxeak ikastolaren eraikin berria egiteko eskariari jarritako trabak salatu dituzte eta Beskoitzeko ikastolako haurrei babesa eman diete.
Azaroaren 18an, antolatzaileek emandako datuen arabera, 2.500 lagun elkartu ziren Beskoitzen Ikastola herri eskola lelopean. Bertako haurrak, irakasleak, gurasoak eta Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako euskaltzaleek herriko etxeari eskatu diote ikastolaren eraikin berria jasotzeko oztoporik ez jartzeko eta aurrerabideak emateko.
Bezperan, azaroaren 17an, Beskoitzeko udal kontseiluak ohar luze bat argitaratu zuen gaiaren inguruko bere ikuspegia azaltzen. Idatziak 2011. urtera egiten du atzera eta Seaskak ikastola sortzeko baimena eskatu zuenetik gaur arteko gorabeherak jasotzen dira. Eraikitzeko baimenik ez ematea berresten da idatzian.
Udal kontseiluak salatu du urte horietan haiek beldurtzen saiatu direla, eta erasoak eta mehatxuak izan dituztela. Seaskaren eta herriko etxearen arteko harremanetan, hasieran hartu-emanak adeitsuak izan baziren, gaur egun elkarrizketa zaila dela diote artikuluan. Elkarrizketarako prest daudela adierazi dute, “negoziazio mahaira” itzultzeko prestutasuna agertu dute, baldin eta egoera bareagoan egiten bada. Hirigintza arauak errespetatu eta aurrez hartutako konpromisoak kontuan hartuta, ikastolarentzat eraikin bat jasotzearen alde daudela diote. Seaskako arduradunek, behin eta berriz salatu dute, herriko etxeak nahita eragozpen teknikoak argudiatzen dituela ikastolari eraikin berria egiten ez uzteko. Eskatzen dituzten baldintza teknikoak arbitrarioak direla salatu dute.
Hamar urte ikastola prefabrikatuan
Beskoitzeko ikastola 2014an jarri zen abian eraikin prefabrikatuan, herriko etxeari alokatutako lurretan. Lau ikasle hasi ziren. Beti izan dituzte gorabeherak herriko etxearekin. Duela hiru urte hasi ziren hizketan eraikitzeko baimena eskuratu ahal izateko. Irail honetan jaso dute erantzuna, Ayensa alkateak ezezkoa eman du. Herriko lurretan egoteko baimena du ikastolak, baina oraingoz eraikitzeko baimenik ez. 51 haur ari dira ikasten prefabrikatuetan.