argia.eus
INPRIMATU
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua
  • Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 13a
Aldarrikapenak eta festak bat egin zuten Senpereko lakuan. Argazkia: EITB.

Ortzadarra lelopean egin den Herri Urratsek inoiz baino toki handiagoa hartu du Senpereko laku inguruan. Bi gune gehiago eta eszenatoki berria izan ditu. Festak eta aldarrikapenak bat egin dute. Musika alorrean Esne Beltza, Leihotikan, Niko Etxart, Bele, Neomak (aurtengo kantaren egilea) eta Nogen aritu dira, besteak beste. Disko-jartzaileak ere aritu dira. Ez dira falta izan bertsolariak: Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre. Umeek gune oso bat eduki dute haientzat, eta pilota partidak izan dira goizez. Guztira 50 ikusgarriz gozatzeko aukera egon da.

650.000 euroko emendatzea EEPrentzat

41. edizioa hasi aurretxo erakundeetako ordezkariek adierazpenak egin dituzte. Kazeta.eus hedabideak jaso ditu haien esanak. Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna. Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behoteguyk, berriz, hizkuntza-politika egoera “korapilatsuan” dela azaldu du. Behoteguyk erakundeei eskatu die, “ahal duten guzia egin dezaten beren diru ekarpena handitzeko”. Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk berretsi du 650.000 euro gehituko duela EEPren aurrekontua. Akitania Berria eskualdeko ordezkariak, Andde Sainte-Mariek, adierazi du 100.000 euroko luzamendua izango dela.

Beskoitzeko ikastola berria aldarri

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak gogorarazi du Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko baliatuko dutela Herri Urratsen jasotakoa, eta Euskal Herri osoak eraikiko duela Beskoitzeko ikastola, Herri Urratsen erakutsitako elkartasunaren bidez. Gaur egun, ikastola eraikin prefabrikatuetan dago, herriko etxeari alokatutako lurretan. Duela hainbat urte hasi ziren herriko etxeari baimena eskatzen eraikina egiteko, baina gorabehera handiak izan dituzte tokiko administrazio publikoarekin. Hala adierazi du Jorajuriak: “Badakigu azken urte kalapitatsu horien ondotik bazterrak hasten direla lasaitzen, hauteskundeak izanen dira, eta heldu den urtean molde normalizatuan herriko etxe berriarekin negoziatzea eta konponbide bat atzematea nahiko genuke, denak elkarrekin”. Fabienne Aiensa auzapezak dimisioa eman zuen martxoan. Seaskaren gogoa da prefabrikatuak albo batera utzi eta eraikina jasotzeko baimena lortzea. Alkatearen dimisioaren ondoren, ekainaren 16an egingo dituzte hauteskundeak herriko kontseilu berria aukeratzeko.