argia.eus
INPRIMATU
Beskoitzeko gurasoek hautetsien jarrera salatu dute ikastola ixteko erabakiaren aurrean
  • Olentzerok ikatza banatu die herriko hautetsiei. Gurasoek salatu dute Beskoitzeko Herri Etxeak ikastolarekin zuen hitzarmena hautsi duela, eta irtenbiderik eman ez dietela. Hala ere, ziurtatu dute ikastolaren biziraupenaren alde “kosta ahala kosta” borrokatuko dutela.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 27a
Urriaren Urriaren 4ean, Beskoitzeko ikastolak eta Seaskak prentsaurrekoa egin zuten Herriko Etxearen jarrrera salatzeko. // Argazkia: Seaska

Alkatearen eta hautetsien aurkako protesta egin dute astearte goizean Beskoitzeko ikastolako gurasoek, eta ikastolaren biziraupena “kosta ahala kosta” ziurtatuko dutela agindu dute, Berriak jaso duen moduan. Ekitaldi sinboliko batean, Olentzerok ikatza banatu die hautetsiei, ikastola lurrik gabe uztearen erabakia gaitzesteko. Izan ere, iragan astean Beskoitzeko Herri Etxeak hautsi egin du ikastolarekin zuen hitzarmena.

“Beste herri guztietan hautetsiak gelak salbatzeko borrokatzen diren bitartean, Beskoitzen ikastola hesteko borrokatzen dira”, adierazi du ikastolako guraso Clemence Labrouchek. Olentzerok gurasoen izenean hitz egin du, eta herriko hautetsiei leporatu die euren eskaerak ez entzutea: “Ikastolako gurasoek aterabide bat galdetzen dizuete, baina zuek ikastola kondenatzea erabaki duzue”.

Gurasoek, gainera, hautetsiei kritikatu die komunitatearen beharretara egokitu ez izana, eta azpimarratu dute herriko Kontseiluaren erabakia aurrez pentsatua zegoela, eta  “gezurrak” izan direla urtean zehar egindako promesak.

Ikastolako haurren aita den Julen Jauregik adierazi du 51 haurrek ikastola bat izan dezaten borrokatuko dutela. Halaber, gurasoek alkatea kritikatu dute bitartekaritzari uko egiteagatik eta haiekin hitz egiteari uko egiteagatik, gezurtitzat joz.

Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak nabarmendu du elkarteak Beskoitzeko gurasoak babestuko dituela eta gatazkan bitartekari lanak egitea bilatuko dutela. Gurasoek Euskal Herri osoko hautetsiei dei egiten diete Beskoitzeko ikastolaren alde egiteko.