Plastikoa tarteko, senide eta lagunen musu eta besarkadak jasotzeko guneak atondu dituzte Italiako zahar etxe batzuetan, pandemia garaiotan adineko askok bizi duten isolamenduari eta horrek bai emozionalki bai osasunean uzten dituen ondorioei aurre egiteko asmoz.
Duela pare bat hilabete jaio zen “besarkaden gela” deiturikoa, ikusita batetik senide eta lagunekin elkartzea beharrezkoa zutela zahar etxeko adinekoek, baina baita ezinbestean euren osasunari eta bizipozari eragiten ziola egoerak: batzuek ez zuten inor besarkatu iazko martxotik. Besarkadak eman eta hartzeko gune hauek Italiako zahar etxe gehiagotara zabaldu dira bi hilabeteotan.
Plastikozko gortina, musukoa, arropa bereziak… bereizten dituzte bisitaria eta bisitatua –zentroaren arabera era batera edo bestera antolatu dute–, baina gutxienez distantziari eta isolamenduari une batez frenoa jartzeko modua aurkitu dute. Ez alferrik, funtsezkoa dirudi neurriak hartzea ez bakarrik COVID19az kutsatzeko arriskua txikitzeko, baita pandemia uzten ari den arrasto psikologiko eta animikoari aurre egiteko ere.