argia.eus
INPRIMATU
Berwick eta gu
Aitor Montes Lasarte @LasarteAitor 2025eko apirilaren 17a

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau ordezkatu duen Helburu Laukoitza. Beharbada ez duzu jakingo hitz hauen atzean zer dagoen jokoan: osasun sistema publikoaren jasangarritasuna eta, horrekin batera, zuen ongizatearen zutabeetako bat. Beharbada horregatik hasiera-hasieratik galdu duzue, izan ere egokia ez den paradigma batean oinarritzen baita gure osasun sistema publikoaren etorkizuna. Eta oker dagoen paradigma batean eztabaidatzen baduzue, jakin ezazue aldez aurretik galdu duzuela eztabaida, jokoa eta den-dena. Osakidetzarenak egin du, horrela jarraituz gero.

Berwicken ereduak, hau da, Helburu Hirukoitzak, zera defendatzen zuen: lehenik eta behin, biztanlegoaren osasuna hobetzea, osasun emaitza onak lortzea, alegia. Bigarren, pazienteen esperientzia hobetzea, hau da, jaso duten arreta egokia adeitsua eta egokia izatea, nolabait espero dutena betetzea. Azkenik, epe luzera begira, osasun sistemaren jasangarritasun ekonomikoa. Berwicken eredua ez dago berez gaizki eta, lehen begiratuan, onargarria iruditzen zaigu guztioi. Beharbada horregatik Osasun Itunean parte hartu duten guztiek bere egin dute.

Kalitatezko eta ekitatezko osasun arreta nahi omen dugu, baina horretarako, neurria hartu behar zaio lehendabizi. Ez dago medikurik, eta ez dago euskarazko arretarik, ez duzuelako nahi, ez duzuelako ikusi nahi

Gauza guztiek, ordea, iraungitze-epea daukate, eta Berwicken eredua jada iraungita dagoela esan daiteke. Bere ordez Helburu Laukoitza lehenetsi dute askok, baita nik ere, edo gaur egun gurean nik bakarrik behintzat, egoera ikusirik. Helburu Laukoitzak osasun arreta eskaintzeko eta emateko ezinbestekoak diren pertsonak kontuan hartzen bait ditu: langileak. Zeren eta garbitzailerik gabe, erizainik gabe, medikurik gabe, administraririk gabe… ez dago osasun arretarik. Salbuespena, akaso, zuzendariak lirateke; zuzendari medikorik gabe ospitalea martxan baitabil. Helburu Laukoitzak Berwicken helburuak defendatzen ditu, nola ez ba, baina horiek bermatzeko langileen ongizatea ere aintzat hartzen du eta besteekin batera lerrokatu.

Guztiz kontrakoa da gaur egun gertatzen ari dena. Txapela buruan, aitortu behar da ez dela hemen bakarrik gertatzen. Bodenheimerrek eta Sinskyk antzeman zutenez, medikuen %46k burnout sindromea dauka AEBetan. Kanek eta laguntzaileek egindako ikerketa batean, barne medikuen %73k eta familia medikuen %68k ez lukete berriro euren espezialitatea egingo, aukera izango balute; beste espezialitate bat nahiago. Gu ez gara salbuespen: familia medikuntza espezialitatea egiteko 246 egoiliar plaza hutsik geratu ziren 2024an Espainia osoan. Gaur egun, UPV/EHUn familia medikuntza ez da eskaintzen ikasgai gisa medikuntza fakultatean, eta ikasle gehienek ez dakite zer den ere ez. Interes gutxikoa da; ez du ia inork familia mediku izan nahi. Ez dago behar adina medikurik, lehen mailako arretan behintzat, eta horren harira euskal geografia ikasten ari gara: Zaldibar, Berriz, Zumaia, Aulestia, Izurtza, Mañaria... Periferian dauden herri euskaldunetan batik bat, euskararen arnas guneetan, akabo euskarazko arreta. Osakidetzako profesionalen aurkako erasoak %12 igo dira azken urtean, 1.176 jakinarazpen 2024. urtean hain zuzen ere, jakinda asko ez direla salatzen eta, beraz, askoz gehiago izango direla. Lanerako ezintasun iragankorrak bikoiztu dira azken hamar urtetan, eta langileen %10,3 ez dago lanean une honetan. Nago egoerak txarrera egingo duela: jazarpen gehiago, eraso gehiago, lan karga handiagoa eta gero eta langile zaharragoak. Izan ere, sailburuak 72 urtera arte nahi gaitu lanean, ordurako bizirik baldin bagaude.

Helburu Laukoitza lehenetsi beharko litzateke eta, horrenbestez, langileen lan baldintzak hobetu. Zeren eta osasun arloan, non bizitzaren alderdi intimoenak eta garrantzitsuenak artatzen diren, euskal administrazioaren lan baldintzarik txarrenak daude. Zoritxarrez, Osasun Itunean jada iraungita dagoen Berwicken eredua lehenetsi da, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte-eragileen onespenarekin. Beharbada ez dakitelako Berwicken eredua zer den, edo ez dute jakin nahi, langileon egoera ezagutzen ez duten bezala. Kalitatezko eta ekitatezko osasun arreta nahi omen dugu, baina horretarako, irlandarrek dioten moduan, neurria hartu behar zaio lehendabizi. Ez dago medikurik, eta ez dago euskarazko arretarik, ez duzuelako nahi, ez duzuelako ikusi nahi.

Aitor Montes, Osakidetzako familia medikua