argia.eus
INPRIMATU
Bertsozale Elkartea ekonomia sozial eraldatzailearen betaurrekoetatik begiratu du Aritz Zerain Miner elkarteko koordinatzaile ohiak
  • Bertsozale Elkartea sorreratik kokatzen da ESE ekonomia sozial eraldatzailearen balioetan eta oinarrietan, eta horietatik egin ditu pauso estrategiko guztiak. Aritz Zerain Miner Bertsozale Elkarteko koordinatzaile ohiak ikuspegi honetatik aztertu du elkartea eta bertsozale.eus webgunean irakurri daiteke bere irakurketa.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 11
Argazkia: Aritz Zerain Miner/ Bertsozale Elkartea

Ekonomia sozial eraldatzailearen definizio batekin hasi da Zerain: "Ekonomia Sozial Eraldatzailea sistema ekonomiko alternatibo bat eraikitzeko ekintza kolektiboa da, non solidaritatea, kolektibotasuna eta bizitza zentroan jartzea diren balio nagusiak. Ekonomia bizitzaren eta pertsonaren beharretarako tresna bat da; baliabide bat eta ez helburua. Baina mugimendu edo ikuspegi hau ez da proposamen edo praktika ekonomiko bat bakarrik, baizik eta proposamen edo praktika politiko eta kultural bat ere bada". (KoopFabrikaren definizioari segi)

Definizio hau kontutan izanik, koordinatzaile ohiaren ustetan Bertsozale Elkartea ESEren ezaugarriekin lotzen dela nabarmena da. Horra zerrendatzen dituen arrazoiak:

  • Bertsozale Elkartearen ondarearen zaintzarako, bertsolarien eta bertsozaleen ardura-hartze eta auto-antolaketa kolektiboa dago. 
  • Sustrai sendoetatik, bertsolaritzaren eraldaketarako eta beste zenbait eraldaketa prozesuetarako SAREAK eraikitzen ditu.
  • Elkarteak administrazioarekiko autonomiatik, kooperazioa eta elkarlana eskaintzen ditu.
  • Bertsolaritzaren eraldaketarako ideia, tresna zein kontzeptu berri eta dibertsifikatuak sortzen ditu.

Bideragarritasun soziala duen eta kideen garapen pertsonala eta motibazio ezberdinak asetzeko aukera eskaintzen duen proiektua da Bertsozale Elkartea. "Solidaritatez eta elkarlan publikoarekin" osatutako bideragarritasun ekonomikoa lortzeko helburua dauka elkarteak. Zerainek geroari buruzko erronka plazarazten du aurkezpenean: "Bertsozale Elkartea ez da kasu isolatua. Gizartea etengabe eraldatuz doa, eta herrigintza/elkartegintza egiteko modua ere bai. "Dena proiektuaren alde" lemapean eraiki ditugu herri honetan proiektu indartsuak, eta orain "pertsona-proiektu orekan oinarritutako herrigintza/elkartegintza" berreraikitzea dagokigu". "Betaurreko berritu eta koloredunekin" aurrera egiteko beharra ikusten du.