argia.eus
INPRIMATU
Bertsotan trebatzeko karta jolasak atera ditu Bertsozale Elkarteak
  • Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuak sei karta sortez osatutako bilduma atera dute. Bertso-eskoletan eta ikastetxeetan baliatzeko materiala da eta elkarteko irakasle lantaldean sortu dute.

Bertsozale.eus @bertsozale 2021eko otsailaren 10a
Argazkia: Bertsozale Elkartea

Bertso-eskola bakoitzari bilduma bana emango diote opari eta ale gehiago behar zituztenek egindako eskaerak datozen egunetan jaso ahal izango dituzte. Adierazi dutenez, bertso-eskolekin harremanetan jarriko dira egoera zail honetan materiala iristarazteko modurik egokiena topatzeko.

Sei karta sortez osatutako bilduma hau bertsotan bat-batean jarduteko jolasa da eta haurrekin ariketa ezberdinak lantzeko aukera ematen du: puntuari erantzutea (laguntza gisa oinak emanda), azken puntua eta oinak harturik kopla edo bertsoa osatzea, 4 edo 8 oinak emanda puntutan zein bertsotan egitea, gaiak sortzea (pertsonaiak, egoerak eta emozioak konbinatuz), errimatzen duten kartak lortu eta kantuan aritzea, eta pasa hitza jolasarekin asmakizunak igartzea.

Gainera, karta jolasak PDF fitxategian eskuragarri daude bertsoeskola.eus atarian.