argia.eus
INPRIMATU
Bertsolari gazteak eskolatik plazara
  • Eskolatik plazara ekimena sortu dute Bertsozale elkarteak eta Ikastolen elkarteak, bertan behera gelditutako Euskal Herriko eskolarteko txapelketen hutsunea betetzeko.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 03a
Argazkia: Bertsozale elkartea

Joan den ostiralean hasi zen Gernikan Eskolatik plazara bertso ekimena. Ikastolen elkarteak eta Bertsozale elkarteak elkarrekin bultzatutako proiektuak COVID-19aren pandemiak bertan behera utzitako jaialdi eta txapelketen falta konpentsatzea du helburu. Horretarako, 2020ko euskal herriko eskolartekoko bertsolariak, plazetan diharduten bertsolari beteranoekin elkartu dira. Era horretan bai ekainean, bai azaroan bertan behera gelditutako Euskal Herriko eskolartekoei alternatiba bat bilatuz.

 

Ekimen honen bitartez bertsolari gazte eta hasi berriak plazetara hurbildu nahi izan dituzte. Ikusgarritasun bat bermatzeaz gain, belaunaldi berriak zaletzea ere du helburu. Ekimenaren bigarren saioa, otsailaren 5ean Iruñean ospatuko da eta hirugarren saio bat ere aurreikusten du Bertsozale elkarteak.