argia.eus
INPRIMATU
Bertso saioetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen proportzioa parekatzen ari da
  • Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 06a
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia / Argazkia: Dani Blanco - Argia 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia / Argazkia: Dani Blanco - Argia

Bertsozale Elkarteak 2022ko bertso plazen eta saioen inguruko txostena argitaratu du, bertan gizon eta emakumeen arteko parte hartze desorekak aztertzen ditu, baita belaunaldiartekotasuna ere.

Lehen lerroan jarri du genero begirada Bertsozale Elkarteak, izan ere, 2019. urtean plazako bertsolarien %64 ziren gizonezkoak eta %36 emakumezkoak. Gaur egun, ordea, bertsolarien %53 dira gizonezkoak eta %47 emakumezkoak. Berriak argitaratutakoaren arabera, Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak emakumeen eta gizonezkoen parte hartzea orekatzen ari dela uste du. Kontuan hartu behar da, 2022an 1.069 saio antolatu zituela Bertsozale Elkarteak plazetan eta 1.969 izan zirela gainontzeko ekitaldiak.

Txapelketen egoera bestelakoa da, izan ere, iaz %66,3 gizonezkoak izan ziren. 2019 eta 2021 urte bitarteko egoera oraindik eta desorekatuagoa izan zen, %73 gizonezkoak izan baitziren. Kontrara, Bertsolari Txapelketa Nagusia mugarri izan zen, lehen baino emakume gehiago baitira gazteenen erreferente.

Belaunaldiartekotasunari dagokionez, nahiko orekatuta dagoela dio Iurramendik. Nahiz eta 10 urtetik beherako eta 20 urtetik gorako gehienak gizonezkoak izan, 10 eta 20 urte bitartekoen gehiengoa lehen aldiz emakumezkoa da.