argia.eus
INPRIMATU
Bertso “olinpiaden” historia infografia batean
  • Bertsolari Txapelketa Nagusien historian 18. edizioa da hastear den aurtengo hau. Infografia honetan ekartzen dizugu saioen aurreko tertulietan orojakile bihurtuko zaituen informazioa. Nork irabazi zuen txapela 80an? Noiz hartu zuen parte lehen aldiz emakume baten? Zein urtetan jo zioten txistu Xalbadorri eta zein zituen oholtzan kantulagun? Ez da egongo galderarik erantzuten jakingo ez duzunik. Ba al dakizu aurtengoa aspaldiko txapelketarik helduena dela?

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko irailaren 20a

Infografia xehetzera jo aurretik, bertan ez dagoen datu bat agertu nahi dizugu: adinarena. Nor izan da historia osoan, finalean kantatu duen bertsolari zaharrena? Eta gazteenak?

Txapelketaren historian finalean kantatu duen bertsolari zaharrena Txirrita da (76 urte zituen 1936an txapela jantzi zuenean) eta gazteenak 19 urterekin Unai Iturriaga (1993ko finalean) eta Sustrai Colina (2001eko finalean).

Aurtengo Txapelketa Nagusian parte hartuko duen bertsolari gazteena Gorka Pagonabarraga da (25 urte aurten) eta helduenak Unai Agirre eta Aitor Mendiluze (47na urte aurten) dira. Txapelketa honetan bertsolarien adin media 34 urtekoa da, 2017koan izan zen bezalaxe, eta azken 20 urteetako bataz besteko zaharrena da: 2001ean 27koa zen adin media eta geroztik igotzen joan da (2005ean 28 urtekoa zen media, 2009an 30ekoa, 2013an 33koa).

Hiru garai

Txapelketen historian hiru garai nagusi nabarmentzen ditu ARGIAren infografiak, antolatzaileen arabera eta gerrako etena tartean dela: lehen aroa, Euzko Gaztedik eta Euskaltzaleak eragileek gerra aurrean elkarlanean antolatutakoak (1935 eta 1936an); bigarren aroa, Euskaltzaindiak antolatutakoa, 1960tik 1980ra bitartekoa; eta gaur egunera arte iritsi dena, bertsolariek lehenik eta bertsozaleek ondoren autoantolatuta 1986tik hona egin dituztenak.

Txapelketa bakoitzean ikus daiteke zenbat pertsonak hartu zuten parte eta horietatik zenbat ziren gizonak eta emakumeak. 1986an Kristina Mardaras izan zen emakumeen txapelketetako bidea zabaldu zuena, eta bi Txapelketa Nagusi beranduago, 1993an, Amaia Telletxea eta Estitxu Arozena izan ziren Mardarasen bideari jarraitu ziotenak, Nafarroatik sailkatuak biak. Kontuan hartzekoa da hasierako txapelketetan antolatzaileak hautatzen zituela partaideak, eta finala zela jokatzen zen bakarra, kanporaketarik gabe. Beste Txapelketa Nagusi batzuetan, aldiz, izen ematea libre izan da, eta txapelketa gehienetan, berriz, partaideak aukeratzeko kanporaketak egin dira edo herrialdeetako txapelketen emaitzak hartu dira irizpide moduan.

Finalari begira: zenbat finalista berri, eta zein lurraldetakoak?

Infografian ikus daiteke finalak hiriz hiri egin duen bidea, aurten lehenengoz Iruñera iritsi arte. Finalera nor sailkatuko den jakinmina pizten du txapelketa bakoitzak, eta infografiak erakusten du zerrenda, baita hauen nolakotasuna ere: zenbat finalista berri izan ziren txapelketa bakoitzean, zein herrialdetakoak eta zenbat gizon-emakume.

Finalisten artean, txapeldunak nabarmenduko zaizkigu lehen begi kolpean.

Hauetako zein datu dira berriak zure ganbaran? Txukun ordenatuak al zenituen datu guztiak, edo uste ustelen bat ere bai tartean?