argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 12an
Bertso ibilaldi historikoa, iragana ezagutu eta orainaren jabe egiteko
ARGIA @argia 2019ko urriaren 09a

Deskoloniza gaitezen leloa ez baita lelo huts bat, urrats txikiez ekingo diogu zeregin horri urriaren 12an eta goizean antolatutako ekitaldietako bat da ibilaldi historikoa. Urko Apaolaza ARGIAko kazetari eta historialariak gidaturik, Alde Zaharrean barrena abiatuko gara hainbat txoko eta pertsonaia ezagutu eta atzean ezkutatzen diren historia ezezagunak ahal den neurrian argitara ekartzen.

Zer ikusi dauka Santa Maria elizak esklabotzarekin? Nola eta zeinek eramaten zuen edateko ura Donostiara? Zein dira gerrek utzitako arrastoak? Eta euskarak, zer presentzia izan du kale horietan? Geldiune bakoitzean azalpen historiko oso laburra emango du Apaolazak.

Hori izango dute testuinguru Beñat Gaztelumendik eta Miren Artetxek bertsotan egiteko. Gai oso zabala izango dute, librean aritzeko nahi duten rol, doinu eta neurrian. Gaztelumendi donostiarrak ezagun dituen hiriko txoko eta pertsonak izango ditu aurrean, "deskolonizazioaren" begiradatik kantatzeko. Eta Artetxe hendaiarrak jolastu ahalko du kanpotarraren begiradarekin. Bi ahots gazte, mugimendu eraldatzaileetan trebatutakoak.

Ibilbidea laburra izango da, ordubete inguruko iraupenarekin; Trinitate plazan hasi eta Plaza Berrian (Konstituzio plaza) amaituko dugu 13:00ak inguruan.