Urtarrilaren 18an ospatuko dute bertso zaleek Bertso Eguna eta aurtengoa 51.a izango da. Eguerdian bertso ibilbide gidatua egingo dute eta bost bertso-bazkari izango dira jarraian. Txartelak erosteko aukera epea urtarrilaren 12an amaituko da. Bertsozale Elkarteak antolatu du Aramaioko bertso eskolarekin eta udalarekin elkarlanean.
Eguerdian entzungo dira Aramaion lehen bertsoak, baina goizetik arituko dira ekinean bertsozaleak.
Izan ere, 9:00etan Aramaioko udaletxean aurkeztuko du Arabako Bertsozale Elkarteak aurtengo Kuadrilla Artekoa. Leku berean eta 10:00etan hasita, Arabako Bertsozale Elkarteak urteko batzarra egingo du.
12:30ean hartuko ditu kaleak bertsoak. Bertso ibilbide gidatua egingo dute bertsolari hauek: Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.
Bost bertso bazkari
14:30ean elkarte hauetan banatuko dira bertsozaleak, bertso bazkaria gozatzeko:
Ehiztari txokoan Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga arituko dira.
Izarra elkartean Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe.
Uribarriko elkartean Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso. Bertara joateko autobusa 14:30ean aterako da herrigunetik.
Zabolako elkartean Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre arituko dira. Bertara joateko autobusa 14:45ean aterako da herrigunetik.
Bazkaritarako txartelak azkar agortu direnez, bosgarren bertso bazkaria antolatu du Bertsozale Elkarteak:
Eskolako jangelan arituko dira Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi. Txartelak hemen klikatuta eskuratu daitezke 20 euroan, urtarrilaren 12a baino lehen.
Egun eta gau osoko bertso parranda
Bazkalostean nahiko bertso entzunda, iluntzeko 19:00etan kalez kale ibiliko dira Urolal erdiko trikitilarien atzetik. Festa nahi adina luzatzeko aukera izango dute bertso zaleek, izan ere Bertsozale Elkarteak lotarako lekua ere lotu du. Horretarako, eskaera urtarrilaren 10a baino lehen egin behar da, hemen klikatuta.
Bertso Egunaren ibilbidea, bertsoaldi hautatuen bidez
Bertsoa.eus webgunean ikusentzun daitezke bost hamarkadetako Bertso Egunetako une berezietako batzuk. Bertan azaltzen da Bertso Egunak urteotan guztietan egin duen bilakaera:
1968ko urtarrilaren 21an egin zen lehenengo aldiz, Donostian. Bertsolarien Eguna deitu zioten eta bertsolaritzaren "urteko zita garrantzitsuenetakoa" zen, txapelketarik ez baitzuten antolatu 13 urtean. Bertsolari bat omentzen zen urtero egun horretan. Manuel Olaizola "Uztapide" izan zen omendu zuten lehenengoa, eta Fernando Aire "Xalbador" bigarrena. Goizean bertso saioa egiten zuten, ondoren bazkaria, eta bazkalostean bozketaz hautatzen zuten hurrengo urteko omendua nor izango zen. Urteak pasa ahala, bertso-jartzaile, gai-jartzaile eta eragileak ere sartu ziren omenduen zerrendan.
1995ean omenaldia egiteari utzi zioten eta formatua aldatu zuten: Udarregi bertsolariaren urteurrena izan zen haria. Bertso saioa arratsaldera pasatu zuten eta ostean afaria egiten zuten.
2001ean Kursaalen egin zuten lehenengoz arratsaldeko jaialdi berezia, eta hamasei urtean bertan egin zuten. Esperimentatzeko bokazioa izaten zuen saio hark eta urtero gai bat izan zuen ardatz.
2017an Bertso Egunari buruzko gogoeta prozesua egin zuen Bertsozale Elkarteak eta urte hartan ez zen Bertso Egunik egin. Zera adierazi zuen elkarteak: "Euskal Herri guztian eragin nahi luke Bertsozale Elkarteak, lurraldetasun irizpideari lehentasuna emanez", eta horretarako berriz formatoz aldatzea erabaki zuen eta urtero herri batean egitea. Gisa honetako Bertso Eguna Mungian egin zuten lehen aldiz, iaz Barañainen, eta aurten Aramaion egingo dutena izango da hirugarrena.