Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
1
Euskaldunok oinarriz
garenez naparrak,
gaur harro erakutsi
ditugu paparrak,
aurpegi bakoitzean
diz-diz irriparrak,
denok busti baikaitu
bertsoen aparrak.
2
Gure ama-hizkuntzak
jaio zen sehaskan
garden erakutsi du
zer bertute dauzkan,
hainbeste bertso bikain
jaulkiaz erreskan,
nola ase gaituen
jaso dugun bazkan!
3
Bertsoari loturik
bihotz eta buru,
labur egin zaizkigu
zazpi ordu inguru.
Ze giro berezia!
Ze jende kopuru!
Holakoetan lur hau
bihurtzen da zeru.
4
Kiroldegi hau zen gaur
hitzen jolasleku,
guretzat bihurtua
tristuren debeku,
nola ez dugun beti
hori gure esku,
horregatik gaude gu
hain “zorioneku”.
5
Nahiz maiz kezkatzen garen
herri txiki izanaz,
bertsoa hazten doa
indarrez ta famaz.
Zer den zabal dezagun
ozenki esanaz:
herriaren ahots ta
hizkuntzaren arnas.
6
Bertsolaria argi
ta herria adi,
tartean ahantz ezina
den hainbat esaldi.
Giro hortan bertsoa
erne zen aspaldi,
kimu-berritu dena
gizaldiz gizaldi.
7
Irautea zen lehengo
izarren enkargu,
gaur elkarte handi bat
dugu horren kargu,
eta bertsolaritza
goi mailan daukagu.
Munduko herri askoren
inbidi gara gu.
8
Zortzion lana zenez
zeru zeremoni,
denok zoriontzeko
irrikaz nago ni.
Batez ere mirari
egile den honi:
Musu estu-estu bat
“Santa Maialeni”.